Zornotzako Udalak Tantorta auzoa garatu eta berroneratzeko plana onartu du

Joseba Derteano 2019ko urt. 25a, 14:58

Eroskik ordainduko ditu lanak. Ostean, supermerkatua egingo dute auzorako sarreran. EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute. EH Bilduk eta Hiri Ekimenak kontra bozkatu dute.

Zornotzako Udalak aurrerapidea eman dio Tantorta auzoa berroneratzeari, gaur goizeko udalbatzarrean onartu den Hiri Antolamendurako Plan Bereziari esker. Proiektuak hirigintza aldaketa garrantzitsuak jasotzen ditu ingururako, esaterako, Boroatik Zornotzako sarbidea hobetzea; Tantortan 30 aparkaleku berri sortzea; San Pedro kalean zuhaitzak izango dituzten espaloiak eraikitzea, argiztapen berriarekin, oinezkoek ikuspen handiagoa izan dezaten; auzoko zirkulazioa hobetuko duen errotonda bat, bide segurtasun handiago baterako eta Zornotzako txikienentzat jolas gune berri bat.

Udalak supermerkatu berri bat eraikitzea ere onartu du. 1.500 metro karratuko azalera komertziala izango du. Establezimendu honek enplegua sortuko du herrian, 40 tokiko enplegu inguru sortzea itxaroten baita. Obrak aurtengo bigarren seihilekoan hasiko direla aurreikusten da eta sei milioi euro inguruko inbertsio bat egingo da.

Proiektuak urte biko atzerapena du, supermerkatua 2017ko lehen seihilekoan ireki gura zutelako. URA agentziaren eta Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoaren eskakizunen ondorioz eman da atzerapena, Andoni Agirrebeitia alkateak azaldu duenez.

EH Bilduren eta Hiri Ekimenaren arrazoiak

2016an, udalbatzarrean hasierako plana eztabaidatu zenean, EH Bilduk hainbat arrazoi eman zituen kontra bozkatzeko eta gaur arrazoi haiek “berretsi” ditu Ander Uriarte zinegotziak. “Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzen ari ginen orduan eta lantzen ari gara oraindik. Horrelako erabakiak Plan horretan sartu behar direla uste dugu. Horrez gainera, ez dugu uste kanpoko merkataritza enpresa baten esku utzi behar denik auzo baten egokitzapena. Azkenik, erabaki honek komertzio txikia kaltetuko duela uste dugu”, azaldu du.

Hiri Ekimeneko Abel Isasik bi argudio nagusi eman ditu ezezkoa arrazoitzeko. “Bere sasoian Tantorta auzokoekin batu eta euren eskakizunak udalbatzar honetara ekarri genituen. Eroskik eskakizun batzuk beteko ditu, baina ez dira auzotarrek merezi dituzten hobekuntza guztiak. Bestalde, uste dugu ez dela enpresa pribatu baten esku utzi behar auzoaren hobekuntza”.

PSE-EEk aldeko botoa eman du. Alicia Hernandez zinegotziaren esanetan, “auzotarrak alde agertu dira eta Dendariak elkartea ere alde dago”. Proiektu honek herriari “onurak” ekarriko dizkiola uste du eta Tantorta auzoari “beharrezko duen eraldaketa” gauzatzea ahalbidetuko diola.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!