Eroskik 1.500 metroko salmenta azalera duen supermerkatua irekiko du 2017ko lehen seihilekoan

Anboto 2016ko ots. 17a, 14:39

Etorkizunean Eroski supermerkatua, aparkalekua eta Tantorta ingurua zelan geratuko diren islatzen duen irudia.

Tantorta auzoan izango da, gaur egun Lidl-ek duen supermerkatuaren parean. Elikagaien salmentara mugatuko da eta ez du bestelako denda edo negoziorik hartuko. Dendariak elkarteak aldeko jarrera erakutsi du. Proiektu horren barruan, Tantortako auzoko azpiegiturak hobetuko dituzte. Lan denek 6 miloi euroko inbertsioa eskatuko diote Eroskiri.

Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea, Anartz Gandiaga hirigintza alorreko zinegotzia, Miguel Gorostiaga Eroskik Bizkaian duen sustapenerako arduraduna eta Dendariak elkarteko Rikardo Ibañez batu ditu gaurko prentsaurrekoak. Eroskik supermerkatu berria irekiko du Tantorta auzoan eta inguruko azpiegiturak hobetuko ditu. Asmo horien gaineko xehetasun nagusiak azaldu dituzte.

Alde denek supermerkatu bat izango dela azpimarratu dute eta ez zentro komertzial bat. “Ez du bestelako negozio edo dendarik hartuko”, adierazi du Anartz Gandiagak. “Elikagaietara mugatuta egongo da, orain eskaintzen dena baino eskaintza zabalagoagaz. Ez da arroparik, etxe-tresnarik edo bestelakorik salduko”, gehitu du Miguel Gorostiagak. “Supermerkatu eredu hau gure herri ereduaren barruan sartzen da eta herritarren eskaerari erantzuten dio”,  gaineratu du Andoni Agirrebeitia alkateak.

Kalkulatutako epeak betetzen badira lanak 2016 amaieran hasi gura dituzte eta supermerkatua 2017ko lehen seihilekoan irekiko litzateke. Lan denek (supermerkatua, aparkalekua, Tantorta auzoko azpiegitura berriak, biribilgune berria…) sei milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko dute. Eroski da lurzori hartako promotorea eta gastu dena bere gain joango da. Eraikin osoak 2.200 metro karratuko azalera izango du eta salmentara bideratutako duten azalerak 1.500 metro. Hedaduran, gaur egun Eroskik Durangoko Aramotz auzoan duenaren antzerakoa izango da, baina aparkaleku handiagoarekin. Zornotzako supermerkatu berriak 145 autorentzako plazak izango ditu. Gainera, azaldu dutenez, eskura duten teknologia dena erabiliko dute supermerkatuak ingurugiroan ahalik inpaktu txikiena izan dezan.

Orain Eroskik Zornotzan duen supermerkatuak 600 metro karratu ditu eta “ezin diogu eskaerari erantzun”, azaldu du Gorostiagak. Ondorioz, zornotzarrek Abadiñoko eta Basauriko supermerkatuetara jotzen dute. Azaldu dutenez, zornotzarren %60-70ak herritik kanpora egiten ditu elikagaiei lotutako erosketak gaur egun. Gainera, “Bizkaian 15.000 biztanletik gorako herrien artean, mota horretako metro komertzial gutxien dituen herria da Zornotza, alde handiagaz gainera”. Supermerkatu berriagaz zornotzarrei “zerbitzu hobea” eskaini gura diete eta erosketak herrian bertan egiteko aukera eskaini. Arratialdeko bezeroak ere erakarri gura dituzte, gaur egun Bilbora joaten direlako.

Supermerkatuak 40 enplegu sortuko ditu, gehienak berriak. Horien kontratazioa udalak udaberrirako sortzeko asmoa duen Enplegu eta Sustapen Ekonomikorako Bulegoak bideratuko ditu eta zornotzarrek lehentasuna izango dute.

Proiektua gauzatzeko udalak arauetan aldaketa bat egin behar du aurretik. Aldaketa hori udalbatzarrera “ahalik arinen” eramateko asmoa erakutsi du Agirrebeitiak; Posible bada, martxoko udalbatzarrera. Aldaketaren ostean, etorkizunean asko jota beste supermerkatu bat egiteko aukera egongo da eta Eroskik aurreikusita duena baino txikiagoa.

Dendariak elkartea alde

Eroskiren asmoaren berri jakin zutenetik gertuko jarraipena egin diotela adierazi du Dendariak elkarteko Ricardo Ibañezek. Euren eskaera nagusien artean honakoak zeuden: zentro komertziala barik supermerkatua izatea eta herriko komertzioei konpetentzia egingo zien negoziorik ez egotea supermerkatu barruan. Besteak beste puntu horiek errespetatzen direnez, ados daude supermerkatua egitearekin: “Azkenean zornotzarrak dira herriko komertzioen bezeroak eta horrelako zentro bat eskatzen dutenak. Beraz, gu ezin ginen kontra egon”.

Tantorta auzorako hobekuntzak

Proiektu honi bidea ematerako orduan “herriko interes orokorrak eta Tantorta auzoko beharrizan propioak” bateratzen saiatu dira, Agirrebeitia alkatearen berbetan: “Tantortako bizilagunek hainbat eskaera egin izan dituzte” eta proiektuak “horietako asko konpontzea ahalbidetu du” . Lan horien kostua ere Eroskiren kargu joango da.

Hobekuntza bat sarrera-irteerei dagokie. San Pedro kaleko bidea zabaldu eta hobetu dute eta espaloiak eta arboleda gehituko dizkiote. 30 plazako aparkaleku bat ere sortuko dute bide ondoan luzetara. Trafikoa bideratzeko barrualdean biribilgune berri bat sortuko dute. Etorkizunean, biribilgune hori herrigunerako sarbide berri bateko lotunea izango da. Inguruko autobus geltokia ere hobetuko dute markesina batekin.

Lan horiez gainera, sasoi bateko goma-fabrika ingurua berreskuratu, biribilgunearen ondoan umeendako jolasgune bat egin eta, oro har, azpiegiturak eta argiztapena hobetuko dituztela adierazi dute.


Miguel Gorostiaga, Andoni Agirrebeitia, Anartz Gandiaga eta Ricardo Ibañez gaurko prentsaurrekoan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!