“Markeliñeren ibilbidean ez dugu hasierako ilusioa sekula ere galdu”

Jone Guenetxea 2019ko urt. 18a, 09:05

Zornotza Aretoaren 25. urteurrenak Markeliñeren 35. urtemugagaz bat egin du. Bi erakundeen artean lotura estua dago. ANBOTOk Joserra Martinezekin (Zornotza, 1964)  Markeliñe antzerki taldeko kidearekin hitz egin du.

Zer harreman izan du Zornotza Aretoak Markeliñegaz urteotan?
Zornotza Aretoa zabaldu zutenetik, erreferentziazko lekua izan da guretzat, hemen egiten den programazioagatik eta baita entseguak egin ahal izateko espazio bat delako ere. Bulegoak libre geratu zirenean, hauxe izan zen gure egoitza. Aretoan eroso prestatu ditzakegu gure espektakuluak.

Zelan gogoratzen duzu Markeliñeren sorrera?
Gogorra izan zen. Ordurako, bazeuden talde batzuk, eta ez zegoen gauzak mugitzeko modurik. Gu programazio batzuetara heltzeko borrokatzen ginen. Orain kontrakoa pasatuko da, eta guri botako dizkigute harriak. Baina, urteek aurrera egin ahala, bizitzaren legea dela konturatu naiz. Jarrera hori ikusten dudanean, ostera, ez naiz haserretzen, gu hasi ginenean antzekoa pasatzen zelako, eta nik neuk ere hor islatuta ikusten dudalako neure burua. Jende berriak leku bat egiteko lan egiten du, arlo denetan. Guk geurea egin genuen, umeentzako antzezlanetan eta kale ikuskizunetan espezializatu ginen eta. Hasiera hartan, soldatan baino, erosi gura genuen materialerako dirua zelan atera pentsatzen genuen. Sasoi hartan ez zegoen antzokirik. Frontoi eta kiroldegietan  aritzen ginen. Zornotza Aretoa lehenengoetakoa izan zen.

Sasoi hartan, zein testuinguru kultural zegoen?
Gogo handia zegoen gauzak egiteko. Trantsizioaren azken sasoia zen. Gauzak esateko eta komunikatzeko irrika sumatzen zen. Baina ez zegoen baliabiderik. Zorionez, bazegoen publikoa, eta erantzun ona izaten genuen. Prekarietatean bizi ginen. Hala ere, aurrera egiten genuen. Urte ilusionagarriak ziren, gazteak ginen eta. Ogitarteko bat eta loleku bat izanez gero, ez genuen arazorik. Markeliñeren ibilbidean ez dugu hasierako ilusio hori sekula ere galdu. Kontatzen dugun horregaz publikoa emozionatzea da helburua.

Gure ikuskizunek oinarri bat izatea, seduzitzea eta hausnarraraztea
gura dugu”

Zuen ikuskizunetan, gai sozialak daude oinarrian.
Berez irteten zaigu. Ikuskizunek oinarri bat izatea, seduzitzea eta hausnarraraztea gura dugu. Gauza hauek ondoen kontatzen diren lekua kalea da. Zentzu horretan, kalea eskuzabalagoa da.

Mundu guztian zehar ibili zarete.
Azken hiru urteotan asko bidaiatu dugu, Andante ikuskizunagaz batez ere. Memoria historikoaren inguruko lana da. Edozein gerra edo gerraostetan desagertutakoei buruzkoa da. 100 funtzio inguru eskaini ditugu, eta 70 nazioartetan egin ditugu: Polonian, Alemanian, Eslobakian, Brasilen, Errusian, Ingalaterran, Danimarkan...

'Julieta, Romeo Circo' lan berria etxean estreinatu zenuten joan zen astean. Zein harrera izan du?
Zirkua eta antzerkia uztartu ditugu, klasiko baten ikuspuntutik kontatuta: Romeo eta Julieta. Publikoaren erantzuna ederra izan da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!