“Homogeneizatu egin da kultura eskaintza, eta hori kaltegarria da”

Aritz Maldonado 2019ko urt. 18a, 09:07

Hiru hamarkada baino gehiago kultur ekitaldiak antolatzen aritu da Luisja Ugarte (Zornotza, 1953). Urrian erretiroa hartu zuen, eta Zornotzako kulturgintzan utzitako lorratza handia da.

Erretiroa hartu zenuenetik, hartu duzu astirik zeuretzat?
Hau ez da fabrika batean bezala, torlojuak egiteari uzten diozula. Informazio piloa dago, eta hori guztia norbaiti pasatzea ez da erraza. Etorri behar izan dut egunen batean, errekaduren bat ematera, baina banekien horrela izango zela. Lan hau ez da bakarrik telefono agenda bat pasatzea. Horrez gainera, lan honetan askotan bizitza eta profesioa elkarregaz doaz, eta hori ezin da momentu batetik bestera aldatu.

Urteotan, asko aldatuko zen lan egiteko modua, hala ere.
Pentsa ezazu. Lan honetan sartu nintzenetik 31 urte igaro dira. Aurretik ez zegoen ia ezer. Liburutegia zegoen, bere arduradunagaz, euskaltegia ere hor zegoen, eta zine-kluba ere bai. Horiek talde txiki batzuek kudeatzen zituzten, baina udalean ez zegoen inor horrelako ardurak zituena. Dena zegoen egiteko, eta dena zen berria. Aretoak erakusleiho bat dira, eta emaitzak ikusten dira bertan, baina kultur dinamizatzaile moduan mila gauza daude egiteko.

Aretoak erakusleiho bat dira, lanaren emaitzak ikusten dira, ez atzeko lan guztia”

Herria asko hazi da urteotan, eta kultura alorrean ere bai. Atzera begiratu, eta harro sentitzen naiz horretan lan egin dudalako, eta pozik nago egindako ekarpenagaz. Azpiegitura zen arazoetako bat, eta gaur egun konponduta dago. Programak ondo finkatuta daude, auzoetako jaiak eta Haizetara eta Eleizetan ekimenak guztiz errotuta daude, eta umeei eta gaztetxoei eskaintzen zaizkien programa eta esperimentu piloa martxan daude. Horrek guztiak bere fruituak ematen ditu.

Eta guztien artean, gogoratzen zara zein izan zen antolatu zenuen lehenbiziko ekitaldia?
Bai, noski. Ni apiril batean hasi nintzen beharrean. Udalean antolatu nuen lehenbiziko kontzertua San Juan bezpera baterako egindakoa izan zen. Zornotzarrontzat arratsalde eta gau bereziak dira egun horretakoak, eta Potato taldea ekarri genuen. Ez geneukan agertoki estalirik, eta bidoi eta taulekin egin behar izan genuen. Gero, plastikoa ere erosi genuen, estaltzeko. Hala ere, haizeak bota egin zuen. Kontzertua egin egin zen, hala ere. Jai batzordean, eta Bilboko Aste Nagusian ere eginak nituen aurretik horrelako lanak, baina udaleko arduradun moduan horixe izan zen lehenbizikoa. Zornotza Aretoan antolatu zen lehenbiziko ekitaldia ere akorduan dut: gala bat egin genuen.

Eredurik-edo jarraitu zenuten?
Orain hogeita bost urte, gala bat egin zen lehenbiziko gau horretan. Zornotzako hainbat taldek parte hartu zuten orduan ere, Markeliñek, esaterako. Talde horiek gune bat eskatu zuten, areto bat, arte eszenikoetarako. Udalak zine zaharra erostea pauso logikoa izan zen, hutsune hori betetzeko. Hurbileko eredu batzuk hartu genituen eredu moduan. Adibidez, Arriola. Ordurako, bost urte edo gehiagoko ibilbidea zuten, eta programazioan-eta eredu ziren, gauzak egiteko zuten moduagatik. Galaren ostean, hilean bi edo hiru ekitaldiko eskaintzagaz hasi ginen, eta asteburuetan, zinea ematen genuen. Lehenbiziko aktuazioa taldearen Hoy Última Función izan zen, Itziar Lazkano eta Ramon Bareagaz (hogei urte geroago berreskuratu zena). Kepa Junkera ere aritu zen bertan, lehenbiziko kontzertuetako batean. Orain une ez oso onak pasatzen ari denez, beragaz gogoratu gura nuke, ea animatzen den. Hortik aurrera,  jauzi handia eman genuen, eta programazioa urritik maiatzera bitartean egitera hasi ginen. Ordutik hona, eskaintza profesionala eta herriko taldeena nahastu dugu. Argi geneukan programazioa anitza izan behar zela, eta esperimentatu egin behar zela. Jendearen entretenimendurako obrak obra sakonagoekin uztartu behar ziren, eta euskararen presentziari ere merezitako garrantzia eman behar zitzaion. Alde horretatik, oso pozik nago egindako lanagaz.

Honetan hasi nintzenean ez zegoen udaleko inor; dena zegoen egiteko, eta dena zen berria

Gizartea ere nahiko aldatu da urteotan.
Gizartea aldatu egin da, eta kultura kontsumitzeko modua ere aldatu da urteotan. Orain zailagoa da jendea aretora erakartzea, eta eskaintzen den obra ezezaguna bada, are gehiago. Publizitate asko egiten dutenak edo laguntzaileak dituztenak baino ez dira arrakastatsuak; horiek mugiarazten dute ikuslea. Horrek homogeneizatu egin du eskaintza. Lehen, ostera, kuriositate gehiago zuen jendeak. Hori zen jendea mugiarazten zuen motorra. Erreklamu handien atzetik baino ez da mugitzen orain jendea, eta hori Zornotza Aretoarentzat oso kaltegarria da. Sona handiko ekitaldiek ere lekua izan behar duten arren, inguruko kultur eskaintzaren erakusleiho izan behar du, batez ere, aretoak. Oro har, hori galdu egin dela uste dut. Urte guztietan ekarri ahal izan ditugu horrelako izen handi batzuk, jendea erakartzen dutenak, baina inguruan mugitzen diren sortzaileentzat plataforma bat izaten saiatu gara.

Aldatu ez dena artista zornotzarrei ematen zaien babesa da.
Harro sentitzekoa da hori. Hona ez dira ekarri gauzak erakusteko bakarrik. Zornotza Aretoa areto bizi bat dela erakutsi behar da, batez ere. Markeliñekoek, adibidez, bertan egiten dute dena, sorkuntza fasetik eszenaratzera arte. Horrek ordu askoko lana suposatzen du, bulegoan zein taula gainean. Esperimentatu, entseatu... Markeliñe diodan bezala, Anita Maravillas aipatu dezaket. Eta beste hainbat adibide ere badaude. Zornotza Aretoa topagune bat ere izan da, noski. Hainbat alor eta diziplinatako langileen edo artisten topagunea ere izan da urteetan, eta saretu egin dira Zornotza Aretoan. Berdina gertatu da, adibidez, Durangoko San Agustin kulturgunean. Bere barruan irakiten egon behar da areto bat, eta hau irakiten dagoela urte osoan erakutsi du bere ibilbideak. Areto bakoitzak bere inguru geografikoan eragin behar du, arte eszenikoen denetariko iniziatibak planteatuz. Horixe da etorkizunerako gakoa.

David Murillok hartuko du zure lekukoa.
Azken hamar urteetan beragaz egin dut lan, batez ere azkeneko bietan. Munduko zorterik handiena opa diot, baina ziur naiz ondo egingo duela lana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!