2019ko udan hasi gura dituzte Urgozo kiroldegia egiteko lanak

Joseba Derteano 2018ko aza. 23a, 16:28

400.000 euroko diru atala gorde dute aurrekontuetan. Gobernu Taldeak sustatuko egitasmoak ez ditu konbentzitzen EH Bildu eta Hiri Ekimena.

2019ko aurrekontuak onartu dituzte gaur eta inbertsio bat Urgozo kiroldegiaren ingurukoa da. “Lanak 2019ko udan hastea gustatuko litzaiguke”, azaldu du Andoni Agirrebeitia alkateak aurrekontuak azaltzeko kazetariekin egindako batzarrean. Behin lanak hasitakoan, urte bi eta erdi inguru iraungo dute.

Kiroldegi berria defendatu du. “Argi eta garbi daukagu une honetan herriak zer behar duen eta hori da behar duena”. Gaur egungo “arazo” bati irtenbidea eman gura diote. Zornotza Saskibaloi Taldeko hainbat taldek Ixerbekoa kiroldegian jokatzen dute eta azpiegitura hark “ez ditu betetzan talde horren beharrizanak”.

Ixerbekoa kiroldegia, berau darabilten elkarteek kudeatzen dute. “Ez du bestelako langilerik behar”. Urgozok berdin funtzionatuko duela azaldu du alkateak. “Etorkizunera begira gastu finkoak handituko ez dituzten azpiegiturak behar ditugu”.  Kokapenari dagokionez “herriaren erdian dagoelako” aukeratu dute Urgozo.

EH Bilduk beharrizanen azterketa egitea eskatu du

Aurrekontuak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dira. EH Bilduk aurrekontuen kontra bozkatu du eta erabaki horren arrazoi nagusietako bat kiroldegi berria da. “Ez gaude kiroldegiaren kontra”, adierazi du Urko Lopez zinegotziak, baina “beharrizanen azterketa” bat beharrezko ikusten dute. “Herri honek hazkunde nabaria izan du azken urteetan eta, seguruenik, hurrengo urteetan handiagoa izango du. Ez dugu kiroldegia txiki eta hango zerbitzuak labur geratzerik nahi. Eta beharrizanen azterketa barik hori gertatu daitekeenaren beldurra dugu”.

Horrez gainera, Zornotzako kiroldegiak “gehiegi sakabanatuta” daudela uste du Lopezek. Ildo horretatik, kirol eskaintza zentralizatuko lukeen Kirol Hiri bat egitea proposatu du. Denak toki berean batuta “sinergiak azkarrago garatuko lirateke”.

Agirrebeitia alkateak ez du posible ikusten Kirol Hiria. “Non egingo litzateke? Lehenengo tokia bilatu behar da eta gero ordaindu egin behar da”, azaldu du tankera horretako azpiegitura bat garestia litzatekeela nabarmenduz.

Hiri Ekimena: “Hausteskundeei begirako politika da”

Hiri Ekimena abstenitu egin da aurrekontuen bozketan. Aurtengo inbertsio askorekin “bat datozela” adierazi du Alba Gutierrez zinegotziak, baina “badakigu guretzat estrategikoak diren proiektu askok bete barik jarraituko dutela”. Hori esateaz batera, musika eskola eta kiroldegia aipatu ditu. “Ezin diogu baiezkoa eman musika eskola edo Urgozo kiroldegiaren kudeaketari. Guretzat hori ez da denontzako Zornotza bat eraikitzea, baizik hauteskundeetara begira politika egitea da”.

PSE-EEk aurrekontuen alde bozkatu du. Alicia Hernandez zinegotziak “aurrekontu onak” direla azaldu du. “Benetan esanda, zail egiten zaigu pentsatzea aurrekontu hauen kontra bozkatu daitekeenik”. Zornotzarren alde lan egiten jarraitzeko borondatea erakutsi du.

Arlo batzuetan kontrako iritziak dituzten arren, aurrekontuak eztabaidatzerakoan giro adeikorra egon dela azpimarratu dute alderdi guztiek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!