Saltsa guztietako kirolaria

Anboto 2018ko aza. 23a, 09:03

Eskaladan 14 urtegaz eman zituen lehenego urratsak, baina ostalaritza eskolan zaletu zen, Iñaki Congui eskalatzailea ezagutu zuenean. "Klasean baino, denbora gehiago ematen genuen eskalatzen. Goizetan motxila eskaladarako gauzekin beteta nuela irteten nintzen etxetik", gogoratu du. Europan zehar ibiltzen zen (Eslovenia, Alemania, Italia, Frantzia…) asteetako abenturetan. "Penintsulako eskalada eskola denak pasatuko genituen. Urte fanatikoak izan genituen". 

Triatloien munduko txapelketara sailkatu, eta dirurik ez joateko

2000. urtean Hernanin bizi zen. Han ez zuen eskaladarako lagunik, eta arrauna probatu zuen sei bat hilabetez. "Ez nuen horretarako gorputzik, baina entrenamenduetako korrika saioetan ondo moldatzen nintzen". Donostiako talde bategaz duatloiak eta triatloiak probatzea erabaki zuen eta bi-hiru urtez aritu zen. "Betidanik gustatu zaidan mundua da". Behin Hawaiin lehiatzen den mendiko triatloien munduko txapelketara sailkatzea lortu zuen, baina ezin izan zen joan. "Ez neukan dirurik horri aurre egiteko. Pena izan zen".

Aramotz mendi lasterketa: lehen garaipena bere "jolas-parkean"

2006a zen eta Saran zegoen, duatloi bat prestatzen. Hango kartel batean, 'Euskal Herriko mendi lasterketen txapelketa, Beran' irakurri zuen. Parte hartzea erabaki zuen. "Hankapetik egingo nuela pentsatu eta aste bitan hankak minduta izan nituen". Baina zaletu egin zen. Hurrengo urtean Zegama-Aizkorrirako txartela lortu eta kontua serio hartu zuen. 2009an bere lehen mendi lasterketa irabazi zuen; non eta etxean, Aramotz mendi lasterketan. "Inguru hura nire jolas-parkea izan da betidanik, Mugarratik Belatxikietara. Emozionantea izan zen, etxekoak hantxe zeudelako. Hainbat txapel irabazi ditut, baina horixe da etxean dudan bakarra".

Munduan ezagun egin zuen proba: Mont Blanc-eko Ultra Traila

2010ean, parte hartzen zuen lehenengo aldian, hirugarren amaitu zuen Mont Blanc-eko Ultra Traila. Podium horrek munduan ezagun egin zuen Zigor Iturrieta. Lasterketa hasi eta gutxira, geratu egin zuten proba, trumoiagatik. Seigarren zihoan. Hurrengo egunean, hiru postu aurreratu zituen. Hurrengo urtean, Transgrancanaria lasterketa irabazi zuen. "Kanariar Irletan lagun asko egin nituen. Proba egunetan hara noanean, hamar kanariar eta euskaldun bat egoten gara pisu batean. Eurek etxea jartzen dute eta nik kozinatu egiten dut". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!