“Proba luzeak erronka bat dira; azkenak eta aurrenekoak poz aurpegi berdinagaz helmugaratzen direla ikusten dut”

Joseba Derteano 2018ko aza. 23a, 09:30
Argazkia: Lehior Elorriaga

Aurrerantzean, Zigor Iturrietak gura duenean aterako ditu mendiko zapatilak armairutik, eta ez agendak agintzen dionean. Zurrunbiloaren erditik albo batera egin du, mendiagaz beste modu batera gozatzeko. Ogibide duen sukaldaritzagaz, ostera, jo eta su dabil. Chiloe eta Txoriene progametan ikusi dezakegu, eta baita liburu berri bateko azalean ere.

Labetik atera berri duzu 'Txorieneko lau urtaroak' liburua. Zerk bereizten du sukaldaritzari buruzko gainerakoetatik?
Hainbat osagai desberdin ditu. Alde batetik, errezetak urtaroka banatuta daude eta urtaro bakoitzean egoten diren produktuekin lotuta daude. Gainera, errezeta bakoitzak aurpegi bat du, programara etorritako gonbidatuarena, hain zuzen. Beste berezitasun bat da errezetek QR kodigoak dituztela eta deskargatu egin daitezkeela, errezetari dagokion programa zatia ikusteko.  Durangoko Azokan salgai egongo da. Abenduaren 6an, eguenean, aurkezpena egingo dugu eta hantxe egongo naiz.

Zure aitari zor diozu sukaldaritzarako pasioa?
Baietz esango nuke. Txikitatik etxean bizi izan dudan zerbait da. Aita kazetaria zen, eta gastronomia zale amorratua. Txapelketa gastronomiko guztietan burua sartuta zuen. Bilboko konpartsagaz batera 'Bacalao de Bilbao' liburua kaleratu zuen eta hamaika kontu gehiago. Sukaldaritzaren inguruko 500 bat liburu ditut etxean, aitarenak. 'Txorienek noiz arte iraungo du?', galdetu izan didatenean 'Goazen saioko gazteak jubilatu arteko errezetak ditut', erantzuten dut.

Mendirako afizioa nondik datorkizu?
Txikitan nahiko berezia nintzen. Kurutziagan ikasten nuen eta mendira joaten nintzen, bakarrik, Momotxo ingurura. Euban ere nire jolasak basoan ziren beti. Belatxikieta ingurura joan eta han orduak ematen nituen. Pentsatu: gure oporretako egun batzuk Mugarrikolandan ematen genituen. Han sua egin, afaldu, lo egin… Guretzat Alpeetara joatea modukoa zen. Txikitatik mendiagaz lotuta nago.

Abuztu amaieran agur esan zenion korrikalari ibilbideari. Su txikitan kozinatzen zeneukan asmoa zen?
Pare bat urtean buruan neukan zerbait zen, beste gauza batzuk egiteko denbora kentzen zidalako.

Mont Blanc-eko ultra trailean izan zen. Iker Carrerak ere proba hori aukeratu zuen bere ibilbideari  amaiera emateko eta elkarregaz ibili zineten. Zelan sortu den ideia hori?
Nire ideia zen eta kopiatu egin zidan. Maiatzetik erabakita geneukan proba elkarregaz egitea. Pentsatu nuen aukera ederra zela agurrerako: urteetan aurkari izan dudan eta asko miresten dudan korrikalariagaz batera, eta ni ezagun egin ninduen lasterketan. Irratian elkarrizketatu gintuzten batean, primizia bota nuen. Iker isilik geratu zela sumatu nuen. Ostean, telefonoz deitu, eta hilabete batzuetan berak ere hori zerabilela buruan esan zidan. Uzteko kontua zuela aitortu zidan. Horrela sortu zen.

Lesioen ondorioz, ezin izan zenuten proba amaitu. Pentsatu duzue beste erronkaren bat prestatzea behar den moduko agurra egiteko?
Zenbat bider entzun dudan hori! Denei berdina erantzuten diet: Messik futbola uzten duenean, bere azken partidua galtzen badu ere, horixe izango du azkena. Ez diot ez dudala berriro dortsalik jantziko. Chiloe programak jarraitzen du, esaterako. Baina ez dut orain arteko mailan jarraituko: entrenatzaile pertsonal bategaz, helburuak buruan dituzula eta horretarako prestatu beharragaz. Astean hiru-lau bider korrika egiten jarraitzen dut, baina gura dudanean joaten naiz eta gura dudan denbora tartean.

Beraz, ez duzu lasterketek dakarten erantzukizunaren falta sumatuko.
Ez. Lehia gustatzen zait. Bezperako urduritasuna, korrikalariekin berba egitea, lasterketetan sortzen diren estualdiei aurre egitea… hori dena gustuko dut, baina ez dut horretarako behar den prestakuntza guztiaren falta sumatuko. Udan, Ikerregaz egindako azken proba prestatzeko, goizaldeko hiruretan itzartu naiz hainbat bider. Polita da, baina sakrifizioa eskatzen du. Lau seme-alaben aita ere banaiz eta beste kontu batzuetarako denbora gura dut.

Chiloe aipatu duzu. Programa horretan sukaldaritza eta mendia, zure pasio handienetako bi uztartzea lortu duzu. Lan perfektua daukazula esan daiteke?
Eta gainera kobratu egiten dut! Munduko lanik onena daukat. Astebeteko bidaietan tokian tokiko gastronomia probatzen dut, hango sukaldariak ezagutzen ditut eta, gainera, lasterketa batean korrika egiteko aukera dut. Hori dena dohainik egingo nuke, baina ez, gainera kobratu egiten dut. Amets bat da. Aurten Japonian hasi gara, Paraguaira eta Qatarrera joango gara… Bere alde gogorra ere badauka. Lanera goaz eta goizetik gauera bueltaka aritzen gara. Polita eta nekagarria da. Hala ere, Chiloek beste 30 urtean ere jarrai dezala!

Jatun ona zara?
Nik beti diot: mendian ibiltzeko, jan egin behar da, eta mendian ibili eta gero ere jan beharra dago, errekuperatzeko. Lau-bost orduko lasterketa bat amaitu eta hozkailua zabaltzen dudanean, barruan dauden denak dardarka jartzen dira. Jatun ona naiz eta eskerrak kirola egiten dudan. Bestela, erraz hartuko nituzke kiloak.  

Mendi lasterketak modan daude, eta baita luze-luzeak ere, ultra trail distantziakoak. Zergatik ote da?
Horrelako lasterketak amaitzea irabaztea da. Gehienentzat amaitzea izaten da erronka bakarra. Lehenengoa zein azkena poz aurpegi berdinagaz helmugaratzen direla ikusten dut. Kirola modan dago, natura ere bai, eta mendiko lasterketek biak uztartzen dituzte. Hala ere, batzuek burua galdu dutela esango nuke. Lasterketa gehiegi egiten dituzte. Bi-hiru nahikoa izan beharko lirateke. Eta beti ere aurretik bide bat eginda. Nik lehenengo ultra traila egin nuenerako, zortzi urte neramatzan korrika, eta 60 kilometroko bat eginda neukan. Gaur egun, korrika hasi eta 100 kilometroko proba batera joaten dira asko. Horregatik ez dituzte amaitzen askok. Kirol berria da eta denboragaz bakoitza bere tokian utziko gaitu, baina hemendik hogei urtera beharbada esango dugu: "Zelako astokeriak egiten genituen orduan!".

Proba luzeetan astindu handiak hartzeak gorputzean arrastoa utzi dezakeela uste duzu?
Seguru baietz. Medikua den lagun batek esana dit, ultra trail bat amaitu berri duen edonori ospitalean analisi kliniko bat egingo baliote ingresatu egin luketela segituan. 100 kilometroko proba baten ostean, astebete geldi egotea gomendatzen dut eta gero apurka-apurka berriro hastea.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!