N-634 errepide alboan bizi direnek euren etxean bizitzera gonbidatu dute Rementeria

Joseba Derteano 2018ko uzt. 19a, 10:28

Zornotzako San Antonio auzoa

AP-8 Peajerik Ez Plataformaren bidez, Zornotzako San Antonio auzokoek egingo diote gonbidapena Unai Rementeria Bizkaiko Aldundiko ahaldun nagusiari.

Plataformakoak San Antonio auzoko bizilagunekin batu ziren euren egoera ezagutzeko. Auzo horretako hainbat etxe N-634 errepidearen ondo-ondoan daude. Auzotarren ideia izan zen Rementeria euren etxeetara gonbidatzea eta Plataformakoek hedabideetara helarazi duten testu batekin formalizatu dute gonbidapen hori. Zehazki, Maria Jesus Charterina auzotarrak errepide alboan duen baserria eskaini dute.

Errepide alboan bizi direnek “zarata, kutsadura eta euren bizitza arriskuan jarri barik errepidea gurutzatzeko ezintasuna” pairatzen dituztela jasotzen du testuak eta Rementeriak “eguneroko sufrimendu” hori ezagutzea gura dutela.

Errepidetik egunero 22.000 auto pasatzen direla gogoratu dute eta arazoaren irtenbide “onena eta arinena” AP-8ko bidesaria kentzea dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!