San Antonion geltoki berria egingo dute eta, oinezkoek barik, autobusak gurutzatuko du bidea

Joseba Derteano 2018ko mai. 29a, 13:00

Apirilean pertsona bat hil zen Zornotzako San Antonio auzoan, autobusa hartzeko N-634 errepidea gurutzatzen zebilela. Horren aurrean, udala auzotarrekin batzartu da eta denen artean irtenbide bat landu dute.

Autobusa erabiltzen duten gehienek industrialdea dagoen aldera joan behar dute. Azpiegitura asko daude alde horretan: enpresak, ikastola, nagusien egoitza… eta hauxe da arazoari emango dioten irtenbidearen oinarria: oinezkoek barik autobusak gurutzatu dezala errepidea. Geltoki berri bat egingo dute industrialdean dagoen biribilgune txikiaren ondoan. Noranzko bietako autobusak han geratuko dira. Udalak egingo du obra zibila. "Negua hasi aurretik amaituta egotea gura genuke", adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak. Aldaketagaz, bidea gurutzatu behar duten gehienei irtenbidea emando diete. Errepidearen alde horretan bizi direnak faltako dira. Horiei begira, honakoa erabaki dute: bidearen beste aldean, tabernatik aurreneko etxebizitzak dauden tokiraino espaloi bat egitea. Bidea gurutzatzea seguruagoa da puntu horretatik. Gainera, Aldundiari etorkizunerako irtenbide bat lantzeko eskatu diote. Udalaren ustez, biribilgunea eta zebrabidea dira irtenbiderik egokiena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!