Hiru espazio berri gehitu dizkiote. Batetik, igerileku alboan dagoen erabilera anitzeko kantxa eta handik hurbil dagoen zuhaiztia Ganeko gunearen zati izango dira udako denboraldia amaitu —irailak 30— arte. Horrez gainera, aldagela berrien gaineko aldeak belar artifizialarekin estali dituzte eta, horren bitartez, beste 450 metro karratu irabazi dituzte erabiltzaileentzat. Guztira, 850 erabiltzailerentzako tokia dago eta 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.
Aldagela berriak
Aldagela berriek, 450 metro karraturekin, bikoiztu egiten dute aurrekoen hedadura. Azpiegitura berriek berokuntza sistema bi dituzte: ezpal biomasa bidezkoa eta bero-ponpa aerotermiko estilokoa. Ingurumena zaintzeko, udan bero-ponpa aerotermikoa izango da berokuntza sistema nagusia eta ezpal bidezkoa behar denetan bakarrik erabiliko dute. Neguan, aldiz, kontrako sistema erabiliko dute: ezpal bidezkoa izango da nagusia. Izan ere, neguan erabilgarri egongo dira aldagelak eta igerilekuaren gaineko aldean dagoen tenis kantxaren erabiltzaileek erabili ahal izango dituzte.
Lan denak egiten 656.000 euro inbertitu ditu udalak.
Aste bi geroago ireki eta itxi
Udako igerilekuen denboraldia ekainaren erdian hasi zen. Zornotzakoak aste bi geroago irekiko ditu ateak. Neguko euriteetan lur jausi bat gertatu zen eta horrek lanak atzeratu zituen. Hile eta erdiko atzerapena murriztea lortu dute eta, alde horretatik, langileen lana txalotu du Andoni Agirrebeitia alkateak aldagela berrien aurkezpen ekitaldian. Edozelan ere, betiko egun kopuru berdina izango du aurtengo denboraldiak, ohi baino aste bi geroago itxiko dituztelako.
Udaleko eta obrako arduradunak gaurko aurkezpenean:
Aldageletako gaineko aldea belar artifizialagaz estali dute: