Zornotzan aste bi beranduago ireki eta itxiko dituzte Ganeko igerilekuak

Joseba Derteano 2018ko eka. 13a, 13:04

Aldagelak handitzeko lanengatik moldatu dituzte datak. Ekainaren 30ean irekiko dira.

Udalak ohar batean informatu duenez, “astebete eskas” falta da Ganeko estali gabeko igerilekuko lanak amaitzeko. Horregatik, igerileku horiek beranduago zabalduko dira aurten, ekainaren 30ean, hain zuzen ere. Era berean, beranduago itxiko dira: irailaren 30ean. Beraz, "ohi moduan hiru hilabetez zabalik egongo dira igerilekuak, beti bezala”, jasotzen du oharrak.

Aldagela berriak

Igerileku nagusiaren alboan dauden aldagela berriek, sexuaren arabera bereizitako aldagela eta dutxak izateaz gainera, hirugarren bloke bat ere izango dute beheko solairuan, biltegirako eta botikina izateko erabiliko dena. Guztira azalera 452 metro karratuko da, hau da, “bikoiztu egiten da lehen zegoen espazioa”, udal arduradunen esanetan.

Egoteko gunea ere handitu dute. Horretarako, hiru eraikinen azalera belar artifizialarekin estaliko da. Honek berdegune hau aprobetxatzeko aukera emango die erabiltzaileei.

Egitura berria hormigoi armatuzkoa da eta fatxada nagusian eraikinerako sarbideak daude. Alboko fatxadek leiho handi bi dituzte eta horri esker argi naturala sartzen da.

Instalazio berriek ezpal biomasa galdara bat dute, bero-ponpa aerotermiko bat eta eguzki-argiaren kontrolatzaileak.

Berdegunea handitu

Ganeko igerilekuek 7.500 metro karratu gehiago dituen berdegune bat izango dute erabiltzaileentzat. Ohiko lekuari ondokoak gehitu zaizkio: igerilekuen alboan dagoen erabilera anitzeko kantxa bat eta hurbil dagoen zuhaizti bat, orain Ganeko gunearen zati izango dena. Erabiltzaileek espazio berri hauek erabili ahal izango dituzte 11:00etatik 21:00etara.  Lan hauek egiteko 656.000 euroko inbertsioa egin du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!