Zornotzako Pintzelak Elkarteak sortu duen jaietako kartela aurkeztu dute

Joseba Derteano 2018ko eka. 28a, 13:10
Pintzelak Elkarteko kideak aurtengo kartelarekin.

Emakumeari erreferentzia egiten dion kartela da.

Jai Batzordeak horrela eskatuta, Zornotzako Pintzelak Elkarteak diseinatu du aurtengo jaiak iragarriko dituen kartela. Emakumearen figura balioan jartzea izan dute helburu, beti ere, jaiei begirako kartela dela kontuan hartuta. Marrazketarako hainbat teknika erabiliz, hiru osagai nagusi batu dituzte azken irudian: jaietako zapia pintura akrilikoagaz egin dute, zapia janzten duen emakumea marrazki bat da eta zerua estaltzen duen kolore lila akuarela teknika erabiliz lortu dute. “Jai Batzordearen iradokizunak kontuan hartuta, gure iritzia txertatzen saiatu gara”, adierazi du Pintzelak Elkarteko kide Iñaki Olabarriak. Elkarteko 20 bat lagun aritu dira lanean eta Olabarriarena izan da osagai denak euskarri digital bakarrean batzeko ardura.

Andoni Agirrebeitia alkateak zoriondu egin ditu Pintzela Elkartekoak egindako lanarengatik. “Oso kartel polita da eta bat egiten du bai jaietako pregoilariekin eta bai urte honetan guztian izan den emakumeen mugimenduarekin”.

Tailer batzuei esker elkar ezagutu zuten pintura zale batzuek sortu zuten Pintzelak Elkartea orain 12 urte. “Adin askotako jendea gabiltza. Beti gauzak egiteko gogoz eta ahalik ondoen egiteko borondatez”, adierazi du Merche Fernandez elkarteko kideak kartela aurkezteko deitu den prentsaurrekoan. Urtean zehar hainbat irteera egiten dituzte eta, besteak beste, Enrike Renteria pintura lehiaketan laguntzen aritzen dira.

Enkarguz egindako lana

Luciano Martinez zinegotziak “aipamen berezia” egin gura izan dio Jai Batzordeari. Aurten batzordea osatzeko irizpideak berriztuta, partaidetza “oso altua” izan dela azpimarratu du. Alderdi politiko, erakunde, herriko elkarte, ikastetxe, guraso elkarte eta koadrilletako 17 bat ordezkari batu izan dira. Iazko moduan aurten ere kartela enkargu bidez egitea erabaki zuten. Iaz pertsona bat izan zen arduraduna, Mikel Berrojalbiz zornotzarra, eta aurten arte plastikoekin lotura duen elkarte bati enkargatzea erabaki dute.

Aurtengo kartela:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!