Zornotzako jaiak

Mikel Berrojalbiz: "Zornotzako jaiak txikitatik bizi ditut; beraz, ohorea da Karmenak iragartzeko kartela sortzea”

Jone Guenetxea 2017ko uzt. 11a, 14:45

Mikel Berrojalbizek sortu du 2017ko Zornotzako Karmen jaietako kartela. Arte Ederrak ikasi eta gero, zornotzarrak akademia zabaldu zuen herrian. Ikasleek “ilusioz” hartu dute maisua herriko jaietako protagonistetako bat izatea. Gainerako pertsonaiak kartelean jaso ditu egileak. Danborradako zuzendariak, txupinazoaren momentuko kolore eztandak, mariachi mexikarrek eta beste hainbat osagaik bat egiten dute kartelean. Herriko jaiak barru-barrutik ezagutzen dituela nabari da.

Zelan hartu zenuen jaietako kartela egiteko enkargua? Iaz bigarren gelditu zinen lehiaketan, irabazlearengandik puntu gutxira.
Lan hau ilusio handiagaz hartu dut. Zornotzako jaiak txikitatik bizi ditut, eta beraz, Karmengo jaiak iragartzen dituen kartela sortzea ohorea da.

Kartelaren sormen prozesua zelakoa izan da?
Hiru asteko epea izan nuen kartela sortzeko; beraz, denbora gutxian egindakoa da. Orrialde zuri bat hartu, eta hortik zer edo zer atera behar nuen. Nik erreferentziak hartuta lan egiten dut. Argazkiak hartuta, erreferentzia horiekin eskuz margotzen hasi nintzen. Arkatza, papera eta borragoma hartu nituen, eta lanari ekin nion. Lan konplexua izan da, elementu asko sartu gura nituelako eta denak uztartzea ez zelako erraza izan. Gauza batzuk kanpoan utzi nituen, eta aukeratutakoak gehiago garatu nituen. Behin dena paperean izan nuenean, prozesu digitala hasi nuen, dena eskaneatu eta abar.

Aukeratu dituzun elementuak ikusita, argi dago jaiak barrutik ezagutzen dituzula. Zein elementu aukeratu dituzu?
Momentu klabe batek indar handia hartu du Zornotzako jaietan: txupinazoak. Momentu hori islatzeko, udaletxea marraztu dut, txupinazoa eta kartelaren lema. Konfeti eta globo urdinak ere agertzen dira. Plaza hori urdin bilakatzen da.

Eta aukeratu dituzun beste elementuak zeintzuk dira?
Danborrada beste elementuetako bat da, bere zuzendariak ordezkatuta. Zuzendari honek jaietako beste ekintza batzuetako ordezkariak zuzentzen ditu kartelean. Buruhandia ume batzuen atzetik, kanoa jaitsiera, pala txapelketak, boloak eta beste elementu txiki batzuk. Kartelaren xarma elementu horiek topatzea da. Detaile bat izan gura dut ontzi-modelismoaren erakustaldiagaz, eta ontzitxo bat dago errekan. Atzeko aldean, erreka eta kaleak ere agertzen dira.

Aurtengo egitarauko DJ bat jarri duzu kartelean. Informazio pribilegiatua izan duzu?
Carlos Jean DJa jarri dut, bai, banekielako jaietara etorriko zela. Apur bat espioi lana egin dut, bai (barrez).

Santanatxu eguna ere islatu duzu kartelean.
Bai, kartelaren erdialdean Santanatxu Eguna islatuta dago. Aurten Mexiko izango denez gaia, emakume mexikar bat dantza tradizionala dantzatzen eta mariachia agertzen dira.

Pintura akademia bat duzu. Zer diote zure ikasleek?
Denak poz-pozik gaude. Hementxe dugu kartela, akademian jarrita. Gazteak ohituta daude nire marrazkietara, eta ilusioa egiten die herrian ikusteak.

Zer da jaietatik gehien gustatzen zaizuna?
Ondoen pasatzen dudan eguna marmitako txapelketakoa da. Egun horretan kaleak hartzen ditugu, eta oso ekitaldi herrikoia da. Herria geroz eta gehiago betetzen dugu. Ez dakit azkenean non amaituko dugun.

Jaiak egunez ala gauez bizi dituzu?
Bietara, jakina. Orain, umeekin, ez da hain erraza gauez irtetea, baina, modu batera edo bestera, gauez ere irteten gara.  

Ekitaldiren baten parte hartuko duzu?
Txikitan danborradan parte hartu nuen eta ez naiz berriro apuntatu, baina beste urteren batean ostera ere ekitea gurako nuke.

Udalak jaien inguruko inkesta egin du. Zuk jaiak laburtuko zenituzke?
Jaiak luzeak dira, bai, baina ez dakigu nondik moztu. Hortxe dugu arazoa. Dena gustatzen zaigu. Aste bitarteko egunen bat kentzea diote batzuek, baina hori ez da ezer, aste bitartean ez dago-eta ekintza askorik. Konponbide zaila du kontu honek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!