Zornotzak zaleen aurrean irabazi dezake Bizkaiko herri arteko lehenengo txapelketa

Joseba Derteano 2018ko eka. 22a, 10:55

Zornotzak sekula ez du irabazi 1970etik jokatzen den Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketa. 2001ean gertu izan zuen, baina finala Elorriorentzat izan zen. Etzi beste aukera bat izango du. Azken hamarkadan bost txapel irabazi eta bederatzi final jokatu dituen Markina-Xemein izango du parez pare. Pilotari handi horiei aurre egiteko, zaleen animoak alde izango ditu. Izan ere, finala Zornotzako pilotalekuan jokatuko da.

Kadeteetako partidua 17:00etan hasiko da, domekan. Zornotzarrak faborito dira Aimar Morgaetxebarriagaz eta Lier Arrienegaz. 2002an jaiotako gazteek bikote sendoa osatzen dute. Aurten lehenengoz probatu dute trinketea, eta Bizkaiko txapelketa eta Euskadiko kluben artekoa irabazi dituzte elkarregaz. Ilusioa eta urduritasuna, bietatik dute, baina beste ezeren gainetik eguna heltzeko desiratzen daude. "Gogo handia dugu partidua jokatzeko", aitortu du Arrienek. Izan ere, finalerdietan Bizkaiko txapeldunei partidu biak irabazita, badakite sasoian daudela. Aurkariak, Arandia eta Iriondo, ondo ezagutzen dituzte eta garbi dute taktika zein den. Jokoa atzean kargatzen eta atzelaria zigortzen saiatuko dira, errematerako aukera garbiak sortu arte.

Teorian, gazteen partidua da gaitzena. Gorka Lazkanok eta Iñigo Atutxak adin horretan aurkitu daitekeen bikoterik sendoenetakoa izango dute parean. Josu Agirreamailloa aurrelaria, esaterako, gaur egun gazte mailan dagoen pilotaririk onenetakoa da. Hala ere, ez dute partidua galdutzat ematen, arrazoi birengatik. Batetik, sasoian daude. Atutxak Bizkaiko trinkete txapelketa irabazi du oraintsu. Bestetik, "partidu bakarrera sekula ez delako jakiten zer gertatu daitekeen", Lazkanok dioen moduan.

Aurreikuspenak betetzen badira, nagusien partiduan erabakiko da txapela. Zornotzarren bikotea Txaber Zabala beteranoak (Lezama, Zornotzan bizi da, 1979) eta Iñigo Elorriaga gazteak (Zornotza, 1996) osatzen dute. Zabalaren ustez, aurkariak dira faborito: Albisu eta Ibarloza. "Guk sendo jokatu behar dugu. Final bat da, pilotari gazteak daude tartean, urduritasunak eragin dezakete… Azkenean, edozer gertatu daiteke. Guk biok hartu-eman ona daukagu eta hori transmititu egiten da kantxan. Elkar ondo hartzen dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!