Gozatzeko finala

Igandean Bizkaiko Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatuko dute Zornotzako Amorebieta IV pilotalekuan.

Bertan, esperientzia oso desberdina duten bi herritako ordezkariek hartuko dute parte; alde batetik, Zornotzakoak egongo dira, txapelketaren historian finala behin baino jokatu ez dutenak; 2001. urtean izan zen. Eta, bestetik, Markinako ordezkariak, finalak jokatzera ohituta daudenak, azken hamaika urteen barruan jokatuko duten bederatzigarren final handia baita igande arratsaldekoa. Meritu handiko lana egiten ari dira markinarrak.

Esan bezala, 2001. urtean jokatu zuen Zornotzak final bakarra. Mallabian izan zen, Elorrioren aurka, eta kadete mailako partidua jokatu nuen nik. Partidua zein kanporaketa galdu arren, oroitzapen zoragarriak gordetzen ditut esperientzia hartatik: herriaren mobilizazioa, giroa, telebista, gure herria ordezkatzearen ardura… Urduritasunak erabat jan ninduela ere gogoan dut, eta horregatik ezin izan nuen partiduaz gozatu. Orduan, urte gutxira final gehiago jokatzera iritsiko ginela uste genuen, baina errealitateak oinak lurrean jarri zizkigun eta 17 urte pasatu dira berriz esperientzia eder hura bizitzeko aukera heldu zaigun arte.

Horiek horrela, ez dago esan beharrik Bizkaiko Herriarteko Txapelketa gure herriko ordezkariek irabaztea gustatuko litzaidakeela, baina, horren gainetik, talde bietako pilotariek egun horretaz gozatu dezaten desio dut, azken batean oroitzapen eta bizipen horiek izango baitira barruan betiko gordeko dituztenak eta etorkizunean gogoratuko dituztenak. Zorte on guztiei!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!