Zornotzan Nafarroa Zentroko azpiegiturak berriztuta %65 aurreztuko dute kontsumoan

Joseba Derteano 2018ko eka. 12a, 15:18

Aitor Abendibar udaleko ingeniari teknikoa, Andoni Agirrebeitia alkatea eta Anartz Gandiaga zinegotzia gaur Nafarroa Zentroan

Eraberritze lanen bigarren faseari ekin zioten atzo, 576.000 euroko aurrekontuagaz.

Nafarroa Zentroko azpiegiturak eraberritzeko egitasmoak lau fase ditu. Iaz amaitu zuten lehenengoa eta atzo hasi zuten bigarrena. Hilabete bi eta erdi inguru iraungo du eta irailean, oporretatik bueltan, amaituta egongo da. 576.000 euroko aurrekontua du.

Lehenengo eta bigarren solairuko 900 metro karraturi —450 bakoitzean—eragiten diete lanek. “Eraikin funtzionalagoa izango da, kalitatezko zerbitzu hobea eskaintzeko helburua duena”, azaldu du Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak.

Solairu bietan azpiegiturak berriztuko dituzte “efizientzia” kontuan hartuta eta “ahalik gehien aurrezteko” helburuarekin, Aitor Abendibar udaleko ingeniari teknikoaren arabera. Gas galdara kendu eta bero-ponpa sistema jarriko dute. Aire girotuaren sistema ere aldatuko da. Aldaketa hauekin kontsumoa %60  jaitsiko dela kalkulatu dute. Argiteria LED sistemaren bidez berriztu eta argi naturala ahalik gehien aprobetxatuko dute. Horrela, argindar kontsumoan %65 aurreztuko da udal arduradunen esanetan.Lehenengo fasean ere aldaketa berdinak egin zituzten azpiegituretan. Horrez gainera, zorua aldatu eta suaren kontra sistema berrituko dute.

Bigarren solairuko berrantolaketa

Azpiegiturak aldatzeaz gainera, bigarren solairuko espazioa berrantolatu egingo dute. Orain gela batzuetara joateko beste gela batzuetatik igaro beharra dago. Lanak amaitzean, pasillo zentral batetik zuzenean sartu ahalko da ezker-eskuma kokatutako gela guztietara.

Lehenengo solairuan, aldiz, ez dago horrelako lanik egin beharrik. Gela handi bi daude eta pasillora ematen dute.

Solairu bietan, oro har, orain dagoen gela kopuru berdina mantenduko dute, bulego berriren bat edo beste gehituta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!