Gurasoak haurrekin egoteko barneko espazio finko bat eskatu du Altzoan hazkuntza taldeak

Joseba Derteano 2018ko eka. 5a, 09:55

Zelaieta Zentroko sarreran eserita daude bost ama, euren haurrak inguruan jolasean dabiltzala. Neguko egun askotan errepikatu den irudia da. Azken urtebetean antzeko bizipen eta errealitateen inguruan apurka batzen joan den ama taldeak elkartzeko eta talde moduan garatzeko espazio aproposago bat gura luke, baina, diotenez, momentuz ez dute beste aukerarik. Udaleko ordezkariekin izandako batzarretan ez diete irtenbiderik eman oraingoz.

Joan zen neguan azaleratu zen espazio baten beharrizana. Haurrak altzoan egotetik lurrean ibiltzera pasatu zirenean. Zelaieta Zentroan gela bat eskatu eta txiki batera bideratzen zituzten. "Gela txiki batean hamar haur sartuta. Imajinatu!", gogoratu du Aitziber Zearretak. Hura ez zen bideragarria, eta ludoteka haurrentzat bakarrik denez —guraso barik— Zelaieta Zentroko sarreran batzen hasi ziren.

Iazko irailean udaleko kultur eta kirol arduradunagaz batu ziren. Astea behin ordu bitan batzeko gela bat eta 0-6 urte arteko umeak dituzten familiak batzeko herrira zabalik egongo zen espazio bat bideratzea izan zen eskaeretako bi. Herrian sumatzen dituzten bestelako beharrizanak ere jakinarazi zituzten: material naturalagaz egindako umeendako jolasak, adibidez. "Jarrera positiboa" jaso dute udaletik, baina, momentuz, irtenbiderik ez.

Talde lez garatzeko gunea
Batzeko espazio apropos baten beharrizanaren muinean talde moduan garatzeko nahia dago. Ardura multzo eta hezkuntza eredu komun batek batzen dituen taldea da eta "esperientziak elkarbanatuz elkar elikatzeko gunea" litzateke, Estela Pradasen arabera. Ideia eta helburu horren bueltan batu dira Altzoan Hazkuntza Taldea izenagaz. "Guretzat oso aberasgarria da talde hau. Ama moduan, emakume moduan… Gure taldea zabaltzea eta herriko beste guraso eta familiei batzeko aukera eskaintzea gura genuke. Elkartea sortzeko eskatu digute, baina horretarako batu egin behar dugu eta batzeko espazio bat behar dugu", azaldu du Saioa Agirrek. "Udalak baditu espazioak. Guk ez dugu obrarik eskatzen. Herrian lehendik dagoen espazioren bat aprobetxatzea nahikoa litzateke. Ez da askorik behar gu eroso egoteko", gehitu du Latxe Urangak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!