Espaziorik gabe, gune egokirik gabe, ezin dugu talde bezela aurrera egin

Altzoan hazkuntza taldea 2018ko eka. 5a, 10:30

Sabelean umeak hazten ditugu. Zientifikoki zigoto bat da, gero enbrioi bat, gero fetua.

Guretzako gure haurtxoa. Norberak kontzientzia hartzen duen lehenengo momentutik. Bakoitzak sentitu eta erabakitzen duen momentutik. Bizitza eta argi eramaileak gara. Bederatzi hilabete proiektatzen, augurioz beterik gure haurraren etorrerarako. Erditzen dugu. Bapatean, haurtxo bat besoetan. Batzuetan bat baino gehiago. Umetokiaren berotasun eta erosotasunetik, altzoaren berotasunera. Besoetan. Besarkadak. Azala azalaren kontra. Usaintzen dugu. Gure haurra muxukatzen dugu. Miazkatzen dugu. Oxitosina eta prolaktinazko koktela. Munduan bikote gisa bizitzen hasten gara. Lehen “nintzen” eta orain “gara”. Pluralean. Bikote gara. Ama eta haurra. Harreman estua, hurbilekoa, lotua. Maitasun aro boteretsua.

Bapatean, bikotearen aitatasun/amatasun baja bukatzen da. 30 egunetako baimen lotsagarria. Lanera buelta. Amatasunak eta lan merkatuak ez dute ondo ustartzen. Gauzak okertzen hasten dira. Ama-haur diada eusten dituzten besoak desagertu egiten dira. Bizitzak aurrera darrai eta bitartean, gure haurrarekin bakardadean pasiatzen dugu binomio bat bezela. Amatasuna bakardadean. Badoaz egunak. Asteak eta hilabeteak. Eta amatasuna bakardadean pasatzen dugu, ama eta haur txikiek lekurik ez duten mundu honetan. Puerperioari buruzko dudak ere ez dute lekurik. Laktantziari burukoak ere ez. Hazkuntzari buruzkoak ezta ere. Ezta norberaren ama-emakume rolenak ere ez. Tribua falta da. Besoak falta dira. Espazioak falta dira. Bakarrik gaude. Bakarrik ibiltzen gara. Literalki. Denbora egiten. Gorputz erdia maitasunez betea eta beste erdia areriozko munduan. Pausu bakartiek jarraitzen dute.

Eta bapatean, bidean, beste ama batekin ustekabeko elkartzea, gure haurra erditu genuenetik izandako itzalak argitzen dituena.  Eta, beraien haurrak gorputzera pegatuta dituzten ama biek, berriro elkartzea erabakitzen dute. Eta deialdi baten ostean ama gehiago agertzen dira beraien haurtxoekin. Klana sortzen da, taldea. Hemendik aurrera batera, inoiz gehiago bakarrik. Eta ezusteko eta inprobisatutako topaketa hauetatik orain dela urte bete “Altzoan” jaio zen Zornotzan. Amen tribua. Amakideena.

Topaketak errepikatzen dira. Denbora pasatzen da. Tribua hazi egin da. Umeak hazi dira. Amaren gorputza mundu zabaletik, zoruko mundu irekira. Lehenengo bueltak, lehenengo lau hanka saiakerak, lehenengo pausoak. Zelaietako belarrak erorketak arintzen ditu. Haizeak malkoak lehortzen ditu.

Uda pasatzen da, hotza dator. Lehenengo euriteak. Beharrizanak aldatzen dira. Tribuak leku bat behar du kolektibok hazten jarrai dezan. Eta herrian haurtxo eta ume txikiak modu seguruan garatzeko espazioen bila hasten gara. Eta berriz gauzak okertzen hasten dira. Parkeek ez dute haur txikientzako jolas guneekin kontatzen. Ezta liburutegiak lehenengo irakurleen materialekin kontatzen. Ludotekak ez dute 3 urte baino gutxiagokoak hartzen. Kiroldegiko ur instalazioak ere ez dute komun eta aldagela gune bat haurrak dituzten familientzako. Zerbait ez badago eta behar badugu orduan, asmatu egiten dugu.

Leku faltagaitik eta udazkeneko hotzaz, gure elkar guneak Zelaietako atarira aldatu genituen. Erdian. Altzoan tribua heldu zen. Han, titia ematen dugu. Pardelak aldatzen ditugu. Askaria egiten dugu. Jolastu egiten dugu. Abestu egiten dugu. Hitzegiten dugu. Barre egiten dugu. Negar egiten dugu. Hasierako lotsa eta umiltasunari, kolektibo honen beharrizanak azalaratzeko gogoek irabazten diote: leku jakin bat non amak (eta familiak) elkartu eta kolektiboki hazi daitezen, haurrekin batera, eta zaintzak beste bateri uzteko beharrik gabe, eta kriantza konzientearen printzipioaren oinarriarekin. Eta 8 hilabete ondoren Zelaietako atarian egindako negu topaketen ostean, eta inoiz ekipamenduaren gelaren batean, gaur egun leku finkorik gabe jarraitzen dugu. Eta, espaziorik gabe, gune egokirik gabe, ezin dugu talde bezela aurrera egin, ezta topaketen gunea ofizialdu eta herriko beste familietara ireki, horrekin egiten duguna da, datozen ama eta haur barriek bakarrik ibil daitezen iraunaraztea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!