"Prosezu oso gogorra izan da, baina txarragoa izango zen ezer egin ez banu"

Aitziber Basauri 2018ko mai. 11a, 09:20
Argazkia: Lehior Elorriaga

Epaitegien esanak zapore gazi-gozoa utzi dio Janireri (Zonotza, 1988). Ama izateagatik "diskriminatu" egin dutela onartu dute, baina bost urtez egin duen administrari lana utzi behar izan du. Herritarren partetik izan duen babesa irribarre zabalagaz eskertu du; baina, oraindik ere, negarra eragiten dio ama izateagatik sufritutatakoak eragindako inpotentziak. 

Diskriminatu egin zaituztela onartu du epaileak eta kalte moralengatik indemnizatuko zaituzte. Nola hartu duzu epaia?
Oso txarto pasatu nuen epaiketan, pentsatuz egindako guztiak ez duela ezertarako balio. Baina, azkenean, epaileak aitortu du oinarrizko eskubideak urratu direla, haurdun egon naizelako kaleratu nautela, diskriminatu egin nautela. Hala ere, ez da frogatuta geratu laneko baja horregatik hartu behar izan dudala; antsietateagatik nago bajan. Epai gazi-gozoa izan da. Ama izateagatik diskriminatu naute, epaiak arrazoia ematen dit, baina lanik barik geratu naiz.

Haurdun geratzeagaz batera hasi ziren arazoak enpresagaz?
Bai. Oso goiz esan nuen enpresan haurdun nengoela eta, otitis baten ondorioz, apurtuta zegoen kristal bat konpontzeko eskatu nuen; fabrikazo enpresa izanik, mutuara joatea ere eskatu nuen, lanpostuaren arriskua ikusteko. Ezetza eman zidaten, eta kristala konpontzeko ere arazoak izan nituen. Lehenago edo geroago baja hartuko nuela-eta, ordezko bat hartzeko ere arazoak izan genituen. Azkenean, nagusiak bere lagun bat eta iloba hartu zituen. Ez zuten formakuntzarik, eta hasieratik erakutsi behar izan nien dena. Hartu egin nuen baja, eta arazorik ba ote zegoen jakiteko deitu ere egiten nuen hasieran.

Semea jaio ostean, arazoekin jarraitu zenuen?
Bai. Ekainean jaio zen, eta irailean nagusiari deitu nion. Abuztuko oporrez, bularra emateko epealdiaz, murrizketa hartzeko aukeraz… hitz egin gura nuen enpresagaz, inolako erabakirik hartu barik nuelako eta alde biak moldatu ahal izateko. Hala ere, egunek aurrera egin ahala, ez nuen inolako berririk, eta berriro lanean noiz hasi behar nuen jakin gura nuen. Lasai egoteko esaten zidaten, baina ezer ez jakiteak segurtasunik eza sortu zidan. Azkenean, azaroan lortu nuen batzartzea.

Nola joan zen batzar hori?
Susmoekin joan nintzen, eta elkarrizketa mugikorrean grabatu nuen, informazio guztia argi izateko. "Zer proposatzen dizugu?" hori da esan zidaten lehenengo gauza. Bakoitzaren premiak ikusi eta nola konpondu gintezkeen jakin gura nuen. Ez nuen ezer erabakita eta eurekin adostu gura nuen dena. Biontzat onena lortzeko. Baina enpresan niretzat lekurik ez zutela esan zidaten, nigan konfiantza galdu zutela. Neure lanpostua zela esan nien, baina kitatze-agiria hartu eta langabeziara joateko esan zidaten. Nik lan egin gura nuen, ez nuen langabeziara joan gura. Dirua hartzeko esan zidaten; bestela, dirua eta osasuna galduko nituela, ez zidatela lanpostua gordeko...

Urtarrilean bueltatu zinen lanera.
Bai. Hiru egunean eutsi nion. Ordenagailu eramangarri bategaz, gela batean neu bakarrik, isolatuta, eta emandako lanerako beharrezkoa nuen informaziorako inolako sarbiderik barik. Nire ordezkoak zirenei enpresako datuak eskatu behar izaten nizkien. Oso baztertuta sentitu nintzen, jarrera oso bortitza izan zuten nigaz. Aurretik oso ohikoak ziren gauzak bat-batean ezin nituen egin.

Jazarpena jasan duzula onartu du epaileak?
Jasandako tratuagatik lanera bueltatzea ezinezkoa egiten zaidala onartu du epaileak; horretan arrazoia eman dit, eta enpresagaz kontratua eteteko aukera ematen dit. Bestela, baliogabeko kaleratzea izan dela esango luke eta lanean hasi beharko nuke berriz. Egoera horretan, eta haurdun nengoela esan nuenetik bizi izan dudanagatik, lanera bueltatzerik ez dudala onartu du. Argi eta garbi geratu da nagusiagatik dagoela harremana dagoen moduan, eta ez nigatik.

Errudun sentitu zara?
Ez. Inpotentzia sentitu dut. Inpotentzia handia, lanera bueltatu nintzenean gehiago eutsi behar niola uste nuelako. Baina, ezin izan nuen. Nire sentsazioa zen ez zuela merezi. Erbakia hartuta zutela uste nuen, eta dena ondo egin arren ez nuela inoiz nire lanpostua berreskuratuko. Gela hartan lehertu artean edukiko nindutela, eta pentsatu nuen "zertarako txarto pasatu? Ez du merezi". Azaroan izan nuen batzarretik, mehatxuak jasan nituen momentutik, antsietate handiagaz bizi izan nuen lanera bueltatzea.

Uste baino ohikoagoa da zuk bizi izan duzun egoera hau?
Aste honetan bertan neska bat hurbildu zait, eta orain sei urte egoera berdina jasan zuela esan dit. Azkenean, eman behar ziotena baino diru apur bat gehiago eskaini ziotela esan dit, eta hartu egin zuela. Horrela amaitzen dute askok eta askok. Gehienak ez dira epaiketara heltzen. Ama izan berri zarenean, bizi duzun ahultasun egoera horretaz aprobetxatzen dira enpresariak: lo egin barik, nekatuta, lanera joateko haur hain txikia haurreskolan uzteak sortu ditzakeen kontraesanekin... Nire kasuan ere horrela izan dela uste dut.

Harritu egin zaitu?
Haurdun daudela esandakoan, askori kaleratzea negoziatzea eskaintzen diete. Ez direla lanera itzuliko esaten diete. Piloa daude egoera horretan. Nirea kasu bakarra zela uste nuen, baina niri gertatutakoa kontatzerakoan ikusi dut zein ohikoa den, Bizitzako momenturik onena zapuztu didatela sentitu dut, eta ez nuen gura besoak gurutzatuta geratu.

Horregatik erabaki zenuen salaketa jartzea? Erabaki zaila izan zen?
Bai. Prozesu oso gogorra izan da, baina, niretzat txarragoa izango zen ezer egin ez banu. Nik nire lanpostua gura nuen eta, aurretik, saiatu nintzen erakusten lehengo modukoa nintzela, lanerako borondatea nuela. Bitartekari lana ere egin zuen sindikatuak abenduan, baina ez zuen ezer lortu. Urtarrilean lan egin nituen hiru egun horien ostean, argi izan nuen. Egin behar nuena egin dut eta epaileak arrazoia eman dit. Hori oso lagungarria izan da.

Eta nola bizi izan duzu egoera hori publiko egitea?
Lotsatia naiz eta oso txarto pasatu dut. Baina egin beharreko zerbait dela uste dut. Ezagutzera eman behar da halakoak gertatzen direla eta ezin dela onartu. Zerbait aldatzen saiatu gura izan dut.
Uste duzu zure kasuak beste emakume batzuei lagunduko diela?
Baietz espero dut. Hala ere, bakoitzaren erabakia da salaketa jarri ala ez.

Herriaren babesa izan duzu. Nola bizi izan duzu hori?
Babes itzela jaso dut, bai. Piloa eskertzen dut. Mugimendu feministak lan handia egin du eta herriaren babes handia sentitu dut. Egia da herri txikia dela Zornotza, eta gogorra da denen ahotan egotea. Baina piloa eskertzen da.

Lan ikuskaritzara eramango du LABek gai hau. Nola ikusten duzu?
Ondo. Nik egin behar nuena egin dut. Horretatik nik ez dut ezer jasotzen, baina uste dut enpresak zigorra jaso behar duela. Nire kasuan, enpresak hasiera batean gura zuena lortu du, nik dirua hartzea eta lanpostua uztea, eta, azkenean, lortu dute. Epaiketa bat dela medio, baina diru bat eman didate eta lanpostua utzi dut.

Auzitegietan genero ikuspuntua lantzea behar den ustea zabaldu da. Ados zaude horregaz?
Ama izan ostean, emakumeak baja hartzen duela-eta, lanaldia murrizten duela-eta... enpresak langile hori alboratu gura izatea txarto ez dagoen ustea oso barneratuta dago gizartean, auzitegietan, denongan. Ez dago ondo, baina... enpresaren onuran pentsatu behar dutenez, nolabaiteko normaltasunez hartzen da.

Eta orain?
Orain osatu beharra daukat. Denbora behar dut oraindik. Seguruenik, ikasten hasiko naiz. Administraria naiz eta gustatzen zait nire lana, baina baldintzatuta sentitzen naiz.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!