Epaiak "sexuaren araberako diskriminazioa" sufritu zuela dio, "amatasunaren ondorioz oinarrizko eskubideak urratuak" izan direla, eta, enpresak kalte ordaina eman beharko dio. Hala ere, "zapore gazi-gozoa" utzi die borroka horrek, Janirek bere lanpostua galdu duelako. Lan Ikuskaritzan dagokion zigorra jartzea espero du sindikatuak.
Era berean, Lan Ikuskaritzari zein instituzioei neurri prebentiboak ipintzea eta “emakumeak diskriminatzen dituzten enpresak detektatu eta zigortzeko beharrezkoak diren ekinbideak martxan jartzea” ere eskatu die sindikatuak.
Salaketa ipintzera animatu du Janirek
Janirek eskerrak eman dizkie LAB sindikatuari eta Zornotzako Mugimendu Feministari "borrokan bidelagun" izan dituelako. Egoera berdinean dauden emakumeak salaketa ipintzera animatu ditu. "Bidea gogorra bada ere, gogorragoa delako oraindik injustizia hauen aurrean ezer egin gabe geratzea".
LABeko Maite Barreñak azaldu duenez, "babes neurri praktiko eta errealak behar dira" eta egun bideratzen diren berdintasunerako politikek ez dutela hori bermatzen azpimarratu du. Zaloa Ibeasek gogoratu duenez, "egunero, ezkutuan, euren lanpostua galtzen dute emakume askok ama izateagatik, baina balizko ondorioek sortzen dieten beldurragaitik, ez dituzte egoera hauek salatzen". Uste du "inpunitate osoa" dagoela egoera hauen aurrean. Barreñak nabarmendu du gizon batek ere ez duela bere lanpostua galdu aita izateagatik.
LABetik Zornotzako mugimendu feministaren inplikazioa azpimarratu dute. Sinisten dizugu kanpaina eta Zornotzan egindako manifestazio jendetsua aipatu dituzte.