"Langileak sexu arrazoiengatik diskriminatua ez izateko duen oinarrizko eskubidea urratu du salatutako enpresak", dio sententziak. Idatzi horrek gaineratzen duenez, "amatasunari lotutako atsedenaldiak eragin du enpresak langilea kaleratu gura izatea kalte-ordaina eskainiz".
Zaloa Ibeas de la Cruz LABeko idazkaritza feministako kideak azaldu duenez, emakumea ama izan ostean lanera itzultzera zihoanean, "enpresak kalte-ordaina ordainduta kaleratzea proposatu zion, bere lanpostuan gizon bat zegoela argudiatuz. Beraiek ez zutela kontziliazio neurririk hartu gura, eta kalte-ordainagaz kaleratzea proposatu zioten". Langileak bere lanpostua mantendu gura zuela erantzun ziela azpimarratu du LABek, eta argi gelditzen dela "ama izateagatik" kaleratu gura dutela. "Zazpi urtean ez du inolako arazorik izan lanean, eta, beraz, oinarrian ama izatea da kaleratzearen arrazoia", azaldu du.