Baserrietatik kontsumitzaileengana heldu arte produktuek egiten duen bidea erakusten du Gariza films-ekin batera egindako bideoak: zelan ekoizten diren eta zelan heltzen diren eskaera egin duten herritarrengana.
Kate horretan sartzeko lehenengo pausua Iraunkorreko bazkide egitea da. Ondoren, whatsapp bidez eskaerak egiten dira aste hasieran eta eguenetan otzaretan antolatuta jasotzen dira.
“Ekoizleei bultzada bat eman gura diegu eta berton ekoizten dena berton kontsumitzea bilatzen dugu”, azaldu du Iraunkorreko kide Urtza Uriartek, bideoa aurkezteko gaur egin duten ekitaldian. Kontsumoa bultzatzeari “lehentasuna” ematen diote. “Kontsumoa bultzatuz gero, ekoizle denentzako aukerak egongo dira”, Uriarteren esanetan.
Baserritarrekin hartuemanak estutzeko ekintzak
Hainbat ekintza prestatu dituzte maiatzean eta ekainean zehar. Maiatz hasieran baserritarrekin solasaldi bat prestatu dute. Gura duenak baserritarren lana hobeto ezagutzeko aukera izango du. Maiatzeko eta ekaineko egun banatan baserrietara irteerak egingo dituzte. Baserritarren lana ezagutara ematea gura dute, hau da, kontsumitzaileek bertatik bertara ezagutu dezatela produktuak zelan hazten diren eta baserritarrek zer lan egiten duten.
Iraunkorren beste lan ildoetako bat energia berriztagarriena da. Ildo horretatik, apirilean Goienerreko kideekin hitzaldia antolatuko dute elektrizitate fakturen eta autokontsumoaren inguruan.