Iraunkor: tokiko ekoizpen eta kontsumoa sustatzeko elkartea

Anboto 2016ko mar. 18a, 09:50

Txikitik abiatuta lortzen dira helburu handiak. Sinesmen horrekin sortu dute Zornotzako Iraunkor taldea. Garapen eredu industriala iraunkorragoa den beste batera eramateko lan egin gura dute, Zornotzan bertan. 17 bazkide dituen elkartea zapatuan aurkeztu zuten, eta Euskal Herria enparantzan du lokala.

Lan esparruetako bat elikagaien kudeaketa da. Tokiko ekoizpen ekologikoa sustatu, eta herriko kontsumoa bultzatu gura dute; bestela esanda, tokiko ekonomia zirkular eta iraunkorra bilatzen dute: “Geuk jango dugunez, ekoizpenean geu bagaude sartuta, hobeto ezagutuko dugu kontsumitutakoa; horrek segurtasuna ematen du”, azaldu zuen Urtza Uriartek aurkezpen ekitaldian.

Bide horretan dauden handicap-ak ez dira nolanahikoak. Alde batetik, ekoizleen gabeziari aurre egin behar diote. Gaur egun, 9 ekoizle dituzte, eta, etorkizunean, eskariaren eta eskaintzaren orekara heldu gura bada, ekoizle berriak beharko dira, eta arlo hori sustatzeko prest daude.

Landu beharreko beste arlo bat kontsumitzeko ohituren gaineko hausnarketa gizarteratzea da, hau da, sentsibilizazioaren eremua lantzea. Eta, horrekin batera, kontsumo eredu berria sustatzen ahalegintzea: eskariaren araberako ekoizpena. 

Elikagaiekin batera, energiaren ekoizpen eta kontsumo iraunkorra da beste lan esparruetako bat: “Zornotzak protentzial itzela du biomasan eta hidroelektrika txikietan”. 

Beste lan arloetako bat lurren kudeaketa da: lurjabe eta ekoizleen (ortuetarako, biomasa lehengaiak lortzeko…) arteko bitartekaritza egitea bi aldeetarako onuragarriak diren bideak lantzeko.

Iraunkor elkarteak egiten duenaren berri www.iraunkor.eus webgunean emango dute.

Jon Bastate (1988,Zornotza)

Zornotzako Ekoizlea

Zelan sartu zinen produktu ekologikoen ekoizpenean? 

Informatika ikasi, eta nirea ez zela ikustean, Derioko Nekazaritza Eskolan ikasi nuen. Suediako haztegi batean egin nituen praktikak. Hona bueltan, ustiategi propioa jarri nuen, Ibarra inguruan. Bost urte daramatzat. Denboraldiko produktu ekologikoak ekoizten ditut; baita kiwi eta arrautzak ere.

Zelan baloratzen duzu Iraunkorren sorrera? 

Tresna inportantea da herrirako. Ekoizleak batzerako orduan hutsune bat zegoen. Modu honetara artikulatzea onerako da.Ekoizpenean jende gehiago behar da, baina, horretarako, kontsumoa sustatu beharra dago. Lurzatiena ere arazo bat da. Bizkaian, gazteek ekoizpen mota honetan aurkitzen duten arazoetako bat lur falta da. Esaterako, niri asko kostatu zitzaidan lurzati bat aurkitzea. 

 

 

Fernando Bilbao (1956, Zornotza)

Món Empordá elkartea

Fernando Bilbaok 27 urte daramatza Katalunian bizitzen. Orain bost urte, kanpora begirako merkaturik ez zuten Gironako bost herritako ekoizleak batu, eta Món Empordá elkartea sortu zuten. Bilbao izan zen sustatzaileetako bat. “Hasieran, kosta egiten da, baina bide bat egin ostean, eredu egingarri eta eraginkorra” dela dio. Adibide bat jarri zuen, sagarraren teoria deituko dioguna. Ikerketa batek bistaratu zuen tokiko ekoizle ekologikoek catering enpresen prezio berdinean hornitu zitzaketela inguruko eskolak. Hiru eskola sartu ziren proiektuan. Pauso txikiekin hasi ziren: “Postretik hasi ziren, sagarra esaterako. Ondoren, inguruko arrantzaleak batu ziren. Gaur egun, sukalde propioagaz eta gurasoen inplikazioagaz, jaten dutenaren %70 bat ekologikoa da. Txikitik hasita —sagar batetik— lortu daitekeenaren adibidea da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!