Apiril amaieran hasiko dira musika eskola berria egiteko lanak eta 18 hilabeteko iraupena izango dute, 2.570.000 euroko aurrekontuagaz. Lehenengo, anbulatorio zaharra eraitsiko dute eta han sortutako 1.000 metro karratuko orubean egingo dute musika eskola.
Lau solairu erabilgarri izango ditu, Javier de las Heras Solé arkitektu katalanaren diseinua jarraituz. Beheko solairuak Txiki Otaegi kaletik izango du sarbidea eta atezaintza, herritarrentzako harreta gunea eta itxarongela izango ditu. Lehenengo solairuan irakasleen gelak, erabilera anitzeko aretoa eta biltegia egongo dira. Bigarrenak haize, soka, musika-tresna, gitarra eta piano gelak izango ditu, musikaterapia lantzeko guneaz gainera. Amaitzeko, hirugarrenean, alboka, akordeoi, txistu, trikiti, perkusio eta joera berrien gelak egingo dituzte.
Langileen baldintzen inguruko kezka
EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin gaurko udalbatzarrean esleitu dituzte lanak. EH Bildu eta Hiri Ekimena abstenitu egin dira. EH Bilduko Ander Uriartek euren bozketaren arrazoiak eman ditu. Lanak esleitzeko lehiaketa estu joan da, enpresek antzerako proposamen ekonomikoak egin dituzte eta Bycamek azkenean proposatu dituen hobekuntza batzuek (urte bian luzatu du eraikineko bermea eta 15.000 euro gehiagoko hobekuntzak eskaini ditu) desorekatu dute balantza bere aldera. Hain lehiaketa estua langileek ordaindu dezaketela uste du Uriartek. “Nondik etorri daiteke aurreztea? Langileen baldintzetan eta soldatetan. Udalbatzar honek zaindu behar luke benetan betetzen diren langileen eskubideak eta baldintzak. Gu, behintzat, hor egongo gara baldintzak bete daitezen”. Andoni Agirrebeitia alkatea ados agertu da Uriartek esandakoagaz eta zainduko dutela adierazi du.