Martxoak 8

“Kresala proiektuagaz obra klasikoak gaur egunera ekartzen saiatzen gara”

Joseba Derteano 2018ko mar. 6a, 09:30

Ane Ibarra (Zornotza, 1995) biolinista da eta Musikenen burutu ditu musika ikasketak. Gaztea den arren hainbat proiektutan sartuta dago. Esaterako, martxoaren 8rako antolatu duten kontzertuko partaidea izango da Nora Lopez biolontxelistagaz eta Ostargi koruagaz batera.

Zelakoa izango da Zornotzako kontzertua?
Nora Lopez biolontxelistagaz Kresala izeneko proiektua dut eta Zornotzan beragaz arituko naiz hasieran. Ondoren, pianista bategaz hirukotean eta Ostargi koruagaz batera joko dugu, besteak beste.

Zein izango da errepertorioa?
Norak eta biok biolinerako eta biolontxelorako eginda dauden pare bat obra klasiko joko ditugu, eta baita folk estiloko obra bat ere. Azken hori moldatu egin dugu, ukitu modernoagoa eman diogu. Azkenik, kanta herrikoiak joko ditugu.

Hainbat proiektu dituzu esku artean.
Kresala eta Lur Laukotea. Biak Musikenen ezagututako lagunekin sortu dira. Lur Laukoteagaz Donostiako hamabostaldian jo dut, besteak beste. Mendelssohnen eta antzerakoen obrak jo ditugu. Kresalagaz obra klasikoak gaur egunera ekartzen saiatzen gara. Beti iruditu zaigu mundu honetan sartuta gaudenontzat musika klasikoa oso interesgarria dela, baina gainerakoek ez dutela ezagutzen. Mugak ezabatu gura ditugu. Horregatik, musika klasikotik aparte beste estilo batzuk sortu eta sartu genituen gure programan, publikoarengana gerturatzeko eta beste era bateko esperientzia musikal bat eskaintzeko: rocka, folka… eta kantu herrikoiak, jakina. Euskaltzaleak gara.

Zelako harrera jaso duzue publikoaren partetik?
Ona. Sabino Arana sariketan jotzeko aukera eskaini ziguten. Gure sentsazioa zen jendeak asko gozatu zuela. Irteeran esker on hori jaso genuen. Gure musikagaz gozatu zutela esan ziguten. Beraz, gu ere pozik.

Prestigiozko orkestra bateko parte izatea futbolean Champions League irabaztea modukoa da?
Orkestretarako afizioa duen jendearentzat, bai. Londreseko BBCn, Alemaniako pare batean, Herbehereetakoan… Horietan aritzea gorenera heltzea da.

Zuri gustatuko litzaizuke?
Orkestra mundua asko gustatzen zait, baina beti ikusi izan dut nire burua irakaskuntzan. Umeei eta gazteei erakusten. Kontserbatorioetan eta musika eskoletan klaseak ematen nabilenean gustura sentitzen naiz.

Durangoko Mocker’s taldearen disko berriko abesti batean parte hartu duzu. Zelako esperientzia izan da?
Lagun bati eta niri proposatu ziguten, eta pozarren hartu genuen parte. Disko itzela kaleratu dute eta guretzat ohorea izan da. Musika klasikotik kanpora dauden estiloak beti gustatu izan zaizkit: rocka, jazza…  Emaitzagaz oso gustura geratu ginen.

Tankera horretako zure lehenengo kolaborazioa izan da?
Aurretik jazz konpositore batzuekin kolaboratu nuen. Abestien orkestrazioa egiten nuen. Musikari denon arteko fusioa zen. Jimi Hendrixen Little Wing moduko abestiak grabatu genituen.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!