“Umeak enbaxadore itzelak dira sahararron borroka edozein tokitara heltzeko ”

Aitziber Basauri 2018ko urt. 12a, 09:21

Argazkia: Lehior Elorriaga

Zornotzan bizi da Ouali Omar (Tinduf, 1996), baina Iruñean izan zuen lehenengo hartu-emana Euskal Herriagaz. Zazpi urtegaz. Hala ere, ‘Oporrak bakean’ programaren bitartez irten zen lehenengoz Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu sahararren kanpamentutik, bost urtegaz. Andaluzian egin zituen bi uda, Ubriquen. Orduango bizipenez, Mendebaldeko Saharako gatazkaz eta elkartasunaz hitz egin du ANBOTOk beragaz, Euskal Karabana Saharara abiatuko den atarian.

Zein izan zen zure lehen hartu-emana Euskal Herriagaz eta euskaragaz?
Iruñean. Urtebete bizi izan nintzen han. Hala ere, Orozkon bizi izan ginen urteetan sakondu nuen harreman hori: euskara ikasi nuen euskaltegian eta euskal kultura eta folklorea ezagutu nituen. Bertsotan ere murgildu nintzen. Horrek markatu egin ninduen. Zornotzara etorri aurretik Bermeon ere bizi izan ginen, hamar urte. Dena den, azken urtean hasi naiz euskaraz gehiago berba egiten, hemengo egoera politikoa ezagutzen...

Aljeriako sahararren errefuxiatuen kanpamentuetan jaio zinen. Nolakoa da han bizimodua?
Urteekin asko aldatu da. Orain, Aljeriara, Mauritaniara, Malira... joaten dira asko, jeneroa ekarri eta saltzeko. Asko garatu da ekonomia, eta igartzen da bizimoduan. Jaiki, errezua egin, tea hartu eta lanera joatea, hori da egunerokoa. Admnistrazio publikoan —abokatu edo irakasle moduan, garbiketa lanetan, armadan...—edo arropa zein janari-denda partikularretan lan egiten dute; abeltzaintzan ere bai. Esan behar da bertan jaten denaren %99 kanpotik datorrela. Ekonomiaren hedatze horrek, baina, laguntzen murrizketa ere ekarri du. Urte eta erdi da ez noala bertara, baina 2015ean urtebete egin nuen han. Ez dago asko egiteko. Etorkizun argirik ez dago. Oso lasaia ere bada. Bake handia dago. Txikitako toki baketsu baten oroitzapena eskatuz gero hura datorkit gogora: leku babesgabea, egoera klimatologiko oso latzekin...

Oraintxe dago martxan sahararrei bideratzeko jakiak batzeko kanpaina. Tonak eta tonak batzen dira, baina ez da nahikoa. Jaitsi egin da laguntza?
Denbora baterako ematen du. Elkartasun karabanetan batzen dena familien artean banatzen da, eta, lehen, bakoitzari gehiago egokitzen zitzaion. Baina, baliogarria da inertzia hori mantentzeko, ez gaitzaten ahaztu... Gure borrokari indarra emateko itzelezko erreminta da. Dena den, benetako laguntza estatuek ematen dute: Brasilek, Kubak, Espainiak, Italiak. Munduan beste hainbat gatazka ere badaude eta fokua apur bat desbideratu egin da. Interesak ere badaude horretarako: Espainiak ez du gura Mendebaldeko Sahararen gaia mahai gainean jarri. Bizi den egoeraren erantzule da eta oraindik esku hartzen du. Okupatutako guneetan jasaten dituzte gehien Espainiak hartutako politikak: batez ere, baliabide naturalei eta arma salmentari dagokienez.

42 urte dira saharrarek beraien lurraldetik ihes egin behar izan zutela.
Espainia, Maroko eta Mauritaniaren hiruko akordioaren eta Martxa Berdearen ostetik, Maroko eta Mauritaniaren artean banatu zuten lurraldea. Orduan hasi zen gerra, 1975ean. Sahararrek irteera bakarra izan zuten Aljeria. Biztanleriaren erdiak ihes egin zuen, eta han errefuxiatu. 1980an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa onartu zuen Mauritaniak, eta bakea sinatu zuen Fronte Polisarioagaz. Hala ere, gaur egun, Mendebaldeko Sahararen lurraldearen %75 Marokoren esku dago eta beste %25a Frente Polisarioaren esku.

Milaka kilometro dituen harresiak banatzen du Mendebaldeko Sahara.
Arabia Saudi, Israel eta AEBen diruagaz eraikitako 2.720 kilometroko harresiak. Pertsonen kontrako zazpi milioi mina eta tankeen kontrako beste bi milioi daude bertan. Mina gehien duen eremua da munduan. Gainera, kontuan hartu behar da 15 urtez, egunean 24 orduz, bonbardatutako gunea dela eta hainbat lehergailu eztandarazi gabe daudela. 1991n su-etena sinatu genuen, baina gatazkak hor dirau, gerra ez da amaitu. 4.200 zauritu eta hildako eragin ditu harresiak.

Nola bizi duzu egoera hori?
Amorru handiagaz. Gatazka hor dago. Gune okupatuetan bizitako egoera ikusteak inpotentzia sortzen du. 15 urte daramatzagu erreferendum bati itxaroten, 42 urte familiak banatuta. Gune okupatuan zapalkuntza itzela da eta errefuxiatuen kanpamentuetan bizi duten egora oso latza da. Litekeena da nik estatu independente bat ez bizitzea, baina bide hori irekitzerik badugu eta beste batzuek horri jarraitzen badiote, nahikoa dut.

‘Oporrak Bakean’ programagaz irten zinen lehenengoz errefuxiatu kanpamentutik. Zeintzuk dira onurak?
Umeek beraien errealitatea ahazten dute bi hilabetez. Ez dituzte sufritzen han izaten diren 45-52 graduak. Elikadura hobea dute, higiene pixka bat, botikak, mediku-azterketak, irteerak, solasaldiak... Gainera, umeak enbaxadore itzelak dira, sahararron borroka edozein tokitara heltzeko ez dago ume bat baino bitartekari hoberik. Oporrak bakean programaren bidez jende asko lotu da Saharan bizi den gatazkara, borrokara, jende horrek guztiak asko lagundu dio gure borrokari. Hori da ekarpenik handiena dudarik gabe.

Zuk zeuk nola bizi zenuen esperientzia hori?
Bost urte nituela Tindufetik Ubriquera (Andaluzia) joan nintzen uda pasatzera.Lehen bi asteak negarrez pasatu nituen. Ama eta familia falta nituen, ez nuen ezer ulertzen... zur eta lur nengoen hainbat gauzekin: komuna, dutxa, igerilekuak. Baina, egokitzen joan nintzen. Esperientzia itzela izan zen. Oraindik harremana dut Ubriqueko familia horregaz. Sortzen den lotura handia da eta urteetan mantentzen da.

Euskaldunek lotura estua izan dute beti Mendebaldeko Saharagaz?
Bai. Espainiako Estatuan sahararren aldeko elkarterik gehien batzen dira hemen, eta elkartasun handia dago. Hala ere, gurea ez da arazo humanitarioa, politikoa baino. Arazo politiko bat konpontzeko bidea ez da laguntza humanitarioa, laguntza politikoa baino, eta horretan eragin daiteke. Azken urteetan igarri da aldaketa horretan. Itzela da munduko beste aldeko borroka batean murgiltzea. Baina, behin sartuta, ez dadila ahalegin guztia laguntza humanitariora mugatu. Iaz esan zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Europa eta Marokoren arteko arrantza eta nezakaritza-produktuen merkataritza-akordioa ezin dela Mendebaldeko Saharan aplikatu (2012an onartu zen), nazioarteko legeen kontra doalako: legez kanpokoa da herri ez autonomo baten baliabide naturalak erabiltzea. Baina hori saihesteko bideak topatu gura ditu Europak. Marokok hartutako lurretan munduko fosfato erreserba handienetakoa dago, biziberritze efizientzia handienetakoa duen itsasoa eta abar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!