Maku Florentino Lajwad elkarteko kideak jakitera eman duenez, ikastetxeek gaia lantzen dute urtean zehar, eta landutakoa abenduko bidaian bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dute.
Laguntza humanitarioan oinarritzen den proiektu honi esker elkarteak hainbat gauza egin ahal izan ditu Saharan: kirol eremu bat eta futbol-zelai bat, besteak beste.
Horrez gain, nekazaritza eskoletan aritu diren sahararrei ortuak ipintzen laguntzen diete Elorriotik joandako ikasle eta gainontzeko boluntarioek . “Bidaia hauetan lan egiten duenak gauza mordoa lortzen duela ikusten dugu, eta ikusgarria da basamortuan ortu berde eta zoragarri bat ikustea”, adierazi du Florentinok.
Bestalde, Tindufeko errefuxiatuen beharrak zerrendatu eta horiek asetzen ahalegintzen dira Lajwad elkarteko kideak. “Familia bakoitzak beharrizan batzuk ditu eta horien arabera laguntzen ahalegintzen gara”, esan du Florentinok.
2011n elkartea eratu zenetik Lajwad indarra hartzen joan da Elorrion. Esaterako, aurtengo abenduan 50 pertsona inguru, horietatik 30 ikasleak, egon dira Tindufeko errefuxiatuen eremuan. “Gazteek horrelako bidaiak egitea oso garrantzitsua da, bidaia hauek oso aberasgarriak dira-eta. Bertan bizitzen den esperientzia azalekoa den arren, egoerak oso hurbilekoak bilakatzen dira”, bukatu du Maku Florentinok.
Euskal Karabana
Herriko ikastetxeekin batera antolatzen duen programagaz gain Euskal Karabana ere bultzatzen du Lajwad elkarteak eskualdeko beste hainbat elkarte eta herrirekin batera.
Esaterako, Tindufen errefuxiatuta dauden sahararrei laguntzeko elikagaiak biltzen dabiltza egun hauetan Durangaldean.