2015eko urrian Altsasuko taberna batean izandako liskarrean guardia zibil bi eta euren bikoteak zauritu ziren. Liskarra terrorismotzat hartuta, Audientzia Nazionalean epaitzen ari dira gazteak eta estatuko fiskaltzak zigor eskaera handiak egin ditu: 62 urteko kartzela zigorra batentzat, 50 urte seirentzat eta 12 urte beste batentzat.
Egoera hori salatzen duen adierazpen instituzionala irakurri zuen Urko Lopezek (EH Bildu) azken udalbatzarrean. EAJk eta Hiri Ekimenak ere babesten dute. “Erabateko desadostasuna” erakutsi zuten egitateak “terrorismotzat kalifikatzearekin”. Gazteei “neurrigabeko” zigorrak eskatu dizkiete eta “proportzionaltasun eza” salatu dute. “Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako instituzio nagusiek, tartean Nafarroako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak argi esan dute gertatutako ekintzak ezin direla terrorismotzat kalifikatu”.
Horregatik, “desadostasuna” erakutsi dute fiskalaren zigor eskaeren aurrean eta “kezka handia” adierazi dute gertaeren bilakaerengatik, kasua “neurrigabekeria eta bidegabekeria” batera heldu delako. Era berean, epaitzeko eskumena Iruñeko epaitegiarena izan beharko litzatekeela adierazi dute.
PSE-ko Alicia Hernandezek ez zuen adierazpena babestu, baina zigor eskaerak “proportzioz kanpokoak” direla onartu zuen. “Ez da terrorismoa gorroto delitua baizik”. Hori esanda, justiziaren independentzia “errespetatzen” duela adierazi zuen.