EAJ eta PSEren aldeko botoekin onartu dituzte irizpideak. EH Bildu eta HiriEkimena, hein handian, ados daude zehaztutako helburuekin, baina momentuz abstenitzea erabaki dute.
Helburuak “oro har bizi dugun testuinguru sozioekonomikora era batean egokitzen dira”, EH Bilduko Ander Uriartek azaldu duenez. Orain batzordeetan eztabaidatu beharko dituzten hainbat gai gogoratu ditu. Santa Luzia eta Leginetxe inguruan 100 etxebebizitza berri egiteko planteamendua atzera botatzea eta landa eremu moduan mantentzea “oso garrantzitsua” dela uste du. Hirigunetik gertu dauden espazio irekien “beharrizana” azaldu du. “Ortu ludikoetarako lurzoruak aurreikusi beharko lireteke”. Oro har, landa eremua “balioan jarri” behar dela uste du. Ganeko kirol azpiegiturak hedatzeko 4.8 hektareako zorua aurreikustearen alde agertu da, Ixerbekoakoa “zaharkituta eta txiki” geratu delako. Baina “Urgozon berri bat egin beharrean, Ganen eta Larrean kontzentratu beharko litzateke kirol jarduera”. Boroako industrigunea handitzeko 22.5 hektareako zorua aurreikusteagaz, aldiz, ez dago ados. “Ez dugu beharrizanik ikusten, hare gutxiago hainbat industrigune garatu barik daudenean, San Antonion eta Euban, batik bat”.
Hiri Ekimeneko Alba Gutierrezen ustez onartu diren irizpideak “ez daude lekuz kanpo” eta eurek zein herritarrek egindako aldarrikapenak jasotzen dituzte. “Ikusiko dugu aurrerantzean gure ekarpenak zertan geratzen den. Momentuz abstenitu egingo gara”.
Plan orokorrerako helburu eta irizpideen onarpenak kontrako botorik ez jasotzea “pozgarria” dela adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak eta berau osatzeko erabili duten prozesu parte hartzailea azpimarratu du.