Proiektu berrian oinarrizko futbolari eta gazte mailako taldeari harreta berezia jarriko diotela azaldu du Goiriak. “Proiektuaren oinarria harrobia asko lantzea da. Etxeko jokalariei lehenengo taldera heltzeko aukerak eskaini gura dizkiegu. Sasoi batean bazituzten aukerak, baina apurtxo bat galduta egon da. Orain urte batzutatik ona edo ez da jokalaririk irteten edo irteten direnak beste talde batzuetara joaten dira. Egoera horri buelta eman gura diogu”.
Gazteen taldeak maila nazionalean jokatzen du, hau da, estatuko onenen artea lehiatzen dabil. “Lehenengo talderako pausua eman ahal izateko maila garrantzitsuan daudela uste dugu”, dio Goiriak. Beraz, lehengaia badago. Jokalariengan konfiantza eta motibazioa eragitea da hurrengo urratsa, talde nagusira heldu daitezkeela sentiaraztea. “Bide horretan, seguruenik urtean zehar jokalariei lehenengo taldeagaz entrenatzeko aukerak eskainiko dizkiegu”. Esaterako, gazteen taldeko Ibai Ereño erdilariak talde nagusiagaz hasiko du aurredenboraldia eta baliteke atezain bati ere aukera eskaintzea. Etxeberria entrenatzaileak ere gertutik jarraituko du gazteen garapena. “Informazioa jasotzea eta jokalarien garapena jakitea inportantea da. Gazte-gaztetatik eurekin lan eginez eta momentu konkretuetan konfiantza eskainiz, bide hori landu gura dugu”, adierazi du entrenatzaile elgoibartarrak.
Juan Martin eta Mikel Zarrabeitia, etxekoen bila
22 jokalarigaz hasi dituzte entrenamenduak, baina taldea ez dagoela itxita aurreratu dute. “Mugimendu gehiago egongo dira”, dio Etxebarriak. Fitxaketa berriak egongo direla baieztatu dute eta baliteke gaur egun dauden denek ez jarraitzea. Taldean zazpi zornotzar daude momentuz, eta horietako bi oraintsu batu dira: Juan Martin eta Mikel Zarrabeitia.
Iturraspe, Galarza eta Aurtenetxe
Bilbao Athletic-etik Gorka Iturraspe ekarri dute, Athletic-eko Ander Iturrasperen anaia. “Gorka teknikoki oso jokalari ona da eta zelai erdian maila tekniko hori duen jokalaria izatea guretzako garrantzitsua izan daitekeela uste dugu. Ikusiko dugu aurrendenboraldi zelan doan”, azaldu du Etxebarriak.
Jon Galarzak Durangoko Kulturalagaz egin duen denboraldi bikaina ere ez zaie oharkabean igaro eta 2017-18 denboraldian Amorebietagaz ariko da. Jon Aurtenetxe Athletic-eko jokalari ohiak Amorebietagaz egingo du aurredenboraldia. Talde barik dago eta berria bilatzen duen bitartean sasoiari eusteko aukera eskainiko diote. “Badakigu oso gatxa izango dela Aurtenetxek gugaz jarraitzea. Baina eskaintza interesgarririk ez badu horretarako aukera eskaini genion”, gogoratu du.
Joko intentsoa
Zein izango da taldearen jokamoldea? “Nik oso argi ditut gauzak. Bermatu dezakedana da oso talde intentsoa izango dela. Futbolean azkar jokatzen saiatuko gara eta hasieratik partiduen bila irtengo gara. Horretarako lan handia egin beharra dago. Nire helburu bakarra denboraldi hasieran jokalariek zer egin behar duten argi izatea da”
Uztailaren 25ean, aurkezpena
Karmen jaien barruan egingo dute jendaurreko aurkezpena. Uztailaren 25ean, 19:00etan, izango da Santanderko Racing-en aurka. Ondoren lagunarteko beste hainbat partidu jokatuko dituzte: uztailaren 29an Getxoren aurka kanpoan, abuztuaren 2an Arenasen kontra etxean, abuztuaren 9an Bermeoren kontra kanpoan eta abuztuaren 12an Real Unionen kontra Urritxen.
Amore Gurea! kanpaina
Bazkide berriak lortzeko Amore Gurea! izeneko kanpaina abiatu dute. “Futbolarekiko ilusioa bueltatzea da helburua. Amorebieta zaleena dela sentitu dezatela gura dugu, sentimendu hori sortzea”.
Mikel Zarrabeitia aurkezpenean:
Juan Martin aurkezpenean: