Zelan izan da zure fitxaketa?
Asier Goiria kirol zuzendari berriak entrenatzailea neu izatea gurako lukeela komentatu zidan. Athleticen urte birako kontratua neukan, eta denbora eskatu nion. Josu Urrutiari [Athleticeko presidentea] proposamena azaldu eta ondo iruditu zitzaion.
Urtebeteko abentura izateak aldatzen du denboraldiari aurre egiteko modua?
Ez, niretzat erronka berdina da. Urtebete izan edo gehiago izan, gogo eta ilusio berdinagaz hartzen ditut proiektu berriak.
Hasieratik interesatu zitzaizun eskaintza izan zen?
Bai. Iaz Hirugarren Mailan entrenatzen ibili nintzen, Baskoniagaz. Beraz, aurtengoa niretzat beste pauso txiki bat da gorantz, eta ilusioz nago.
Athleticen, jokalariak lehenengo talderako prestatzea da lehentasuna. Aurten, aldiz, emaitzak izango dituzu epaile. Entrenatzaile lez benetan zer eman dezakezun ikusteko erronka bat da?
Egia da aurten lan mardulagoa dudana, baina aukera gehiago ere izango dut nire ideiak probatzeko. Erronka desberdina da niretzat eta gogotsu nago. Taldeak zelan jokatzea gura dudan oso argi dut. Baita hori lortzeko zer motatako entrenamenduak egin behar ditugun ere.
Taldeak zelan jokatzea bilatzen duzu, bada?
Intentsitate handiz eta abiaduragaz jokatzea gustatzen zait. Nire helburua aurredenboraldian ideiarik garrantzitsuenak ondo lantzea da, jokalariak jokatzeko modu hori barneratzen joan daitezen.
Amorebieta futbol taldea eta Zornotza herria bera zer punturaino ezagutzen zenituen?
Urritxen Amorebietaren partidu asko ikusi ditut. Gainera, Xabi Etxeitaren laguntzagaz ondo informatuta egon naiz. Zornotza ez da arrotza niretzat.
Eta Aitor Larrazabalegaz berba egin duzu? Zer esan dizu taldeari buruz?
Bai, denboraldi honetan egin izan dugu berba. Baina, azken batean, bere taldea eta nirea oso desberdinak izango dira. Jokalari berri asko egongo dira eta taldea dezente aldatuko da. Oraingoz, bost-sei baino ez daude kontratuagaz. Beste lau itzultzea gura dugu.
Taldearen osaketan zeresan handia izango du Asier Goiriak. Aurretik ezagutzen zenuen?
Asier Aritz Adurizen lagun mina da eta sarritan egon izan gara elkarregaz. Orain erronka berak batu gaitu Amorebieta futbol taldean.
Fitxaketetan zeuk ere parte hartuko duzu ala Goiriaren ardura esklusiboa da?
Asierrek badaki zer motatako jokoa egin gura dudan eta horretarako nolako jokalariak behar ditudan. Talde berria elkarregaz lotzen ari gara. Bi pertsonen arteko konfiantza handia denean, lan egitea errazagoa da.
Athleticegaz duzun loturagaz, baten batek pentsatu dezake Bilbao Athleticeko jokalariren bat utzita etorri daitekeela…
Athleticek talde askoren artean aukeratu dezake Bigarren B Mailan, baina, beharbada, aukeraren bat egongo da jokalariren bat etortzeko. Ematen diren mugimenduei adi egon behar dugu, bai Lezaman, bai Zubietan, bai Eibarren eta baita Gasteizen ere. Talde borobil bat osatzeko, jokalari gazteen eta beteranoen arteko oreka lortu gura dugu. Zornotzan bertan ere jokalari garrantzitsuak egon daitezke. Jokalari zornotzarrak batzea ere bilatzen dugu. Hori garrantzitsua da, zaleen konpromisoa handitzeko. Zaleak Urritxera joateko gogoz egon daitezela gura dugu.
Aurtengo denboraldian nahiko apal ibili da taldea. Goiko postuen borrokara itzultzea da helburua?
Partiduz partidu joango gara. Nik asko sinesten dut entrenamenduetan. Jokamoldeak egunero-egunero lantzen dira. Denboraldiak aurrera egin ahala ikusiko dugu nora heldu gaitezkeen.
Zure prestakuntzan Ernesto Valverde izan duzu maisuetako bat.
Aspalditik ezagutzen dut. Lehenengo, taldekide izan nuen. Ondoren, nire entrenatzailea izan zen, eta gero hiru urtez beragaz aritu naiz lanean lehenengo taldean. Harreman oso ona daukagu, eta beragaz eman dudan denbora aberasgarria izan da. Master bat egitea modukoa izan da.
Zein izan da Valverdegaz emandako denboran atera duzun ikasgai nagusia?
Niretzat Ernestoren dohain nagusia hau da: bere jakintzaren eta izaeraren ondorioz, jokalariak konfiantzaz beteta zelairatzea lortzen du. Jokaldiak egiten saiatzeko ausardia izaten dute. Horrez gainera, jokalariek badakite bere exigentzia maila oso altua dela, eta errendimendua apur bat jaitsiz gero beste batek ordezkatuko dituela. Nire ustez ere, horiexek dira gakoak: konfiantza eta intentsitatea.
Valverderi Bartzelona handiegi geratuko zaiola uste dute batzuek.
Seguru ezetz. Maila handia du eta burutsua da. Hasieratik bertatik gauzak ondo joango zaizkiola uste dut. Pertsona jatorra eta normala da, eta hain talde handietan normaltasun horrek asko laguntzen du. Begira Zidaneri. Osagai horiekin lorpen garrantzitsuak bereganatu ditu.