50 bat zornotzarrek aurkitu dute lana, urtebetean, Enplegu Bulegoaren bidez

Joseba Derteano 2017ko mai. 31a, 14:00

Iazko maiatzetik hona 100 lan eskaera jaso dituzte 81 enpresetatik.

Zornotzako Enplegu bulegoak urtebete egin du eta orain arteko ibilbidearen balorazio egin dute. Zornotzarren eta enpresen arteko bitartekaritza egitea da Enplegu Bulegoko zereginetako bat. Guztira 81 enpresek 100 lan eskaintza kudeatu dituzte Bulegoaren bidez eta, bitartekaritza horren ondorioz, 50 bat zornotzarrek aurkitu dute lana. Gehiago izan daitezkeela zehaztu dute, ez dituztelako enpresa denetako azken erantzunak jasotzen. “Informatu diguten enpresen artean, aurrera eramandako kontratazio gehienak ostalari eta turismo arlokoak zein norbanakoek egindakoak dira. Posturik eskatuenak, berriz, erizaintza laguntzaileenak eta garbitzaileenak izan dira”, zehaztu du Estibaliz Martiartu enplegu eta sustapen ekonomikorako zinegotziak.

Guztira 500 zornotzar baino gehiago hurreratu da Enplegu Bulegora lan bila. Adinari dagokionez, Bulegora zuzendu diren herritarren %59k 26 eta 45 urte artean dituzte. Eskola graduatua edo batxilergoa dutenen kopurua %38koa da. Lan bila dabiltzanei erraztasunak eskaintzeko udaleko webgunean nork bere curriculum-a kudeatzeko sistema dagoela gogoratu dute.

Udalak 35.400 euro banatu ditu diru-laguntzetan 19 eskabideren beharrak asetzeko.

Hiru negozio berri

Ekintzaileei aholkularitza eskaintzea da Enplegu Bulegoko beste lan ildo bat. Bide horretan, udalak eta Zornotzako Lanbide Heziketa Zentroa hitzarmena sinatu dute aurten. Negozio berri bat martxan jarri gura dutenentzako 23.600 euro banatu dituzte diru-laguntzetan. Guztira zortzi pertsonak eskatu dituzte negozio-ideia berriak abiatzeko laguntzak eta, momentuz, hiru negozio berri sortu dira: serigrafia eta prestaketa tailer bat, ile-apaindegi bat eta, mertzeria eta konponketara bideratutako bat.

Zornotzako langabezia tasa Bizkaiko batez bestekoa baino lau puntu baxuagoa dela nabarmendu du Andoni Agirrebeitia alkateak eta enplegua sustatzen jarraitzeko asmoa adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!