Zornotzako Udalak sistema berri bat jarri du martxan enplegu bilaketa norberak kudeatzeko

Joseba Derteano 2017ko ots. 14a, 14:56

Sistema informatiko berri batek aukera emango die Enplegu Bulegoko erabiltzaileei beraiek kudeatu ahal izateko beraien datuak, bulegora joan beharrik izan gabe. Langabetuek lan eskaintzetan izena eman ahal izango dute beraien curriculum vitae-a sartuz edota aldatuz edozein tokitatik.

 

Tresna hau bateragarria izango da Enplegu Bulegoak 08:30etik 14:30era eskaintzen duen bitartekaritza zerbitzuarekin. Datuak sartzerakoan izan daitekeen edozein zalantza argitu ahal izango du erabiltzaileak bulegoan bertan, 94 630 00 02 telefono zenbakira deituz edota ondoko helbidean: cv@amorebieta.eus.

Interesatuta daudenak, aplikazioan sar daitezke Udaleko webgunetik.

Enplegu bulegoa

Zornotzako Enplegu Bulegoak iaztik, langabetuei zein enplegu berria bilatzen ari diren herriko jendeari laguntza ematen die dauden eskaintzetan bitartekaritza lana eginez. Era berean, enpresek bulego honetan beraien enpresarako behar duten profesionalaren profila duen norbait aurkitzeko beharrezko laguntza izaten dute.

Gainera, Enplegu Bulegoak Zornotzako enpresek herriko jendea kontratatzeagatik eskuratu ditzaketen diru-laguntzak kudeatzen ditu. Negozio bat martxan jartzeko asmoa duten herriko ekintzaileentzat ere diru-laguntzak ematen dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!