Prekarietateari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte gaurko kontzentrazioan

Joseba Derteano 2017ko api. 26a, 14:34

Gaurko kontzentrazioko irudia.

Astelehenean langile bat hil zen Zornotzan, Jauregizahar inguruko ingerilekuetan garbiketa lanetan zebilela. Udal langileen komiteak eta hildako langilearen enpresako komiteak deituta 150 bat lagun batu dituen kontzentrazioa burutu dute gaur goizean udaletxe parean.

‘Lan istripurik ez. Prekarietatea hiltzailea’ mezua jasotzen zuen pankartari eutsi diote kontzentrazioak iraun duen orduerdian. Sindikatuetako ordezkariak, udaleko hainbat zinegotzi eta hildakoaren ezagunak ere batu dira. Kontzentrazioaren ostean ordu biko lanuztea egiteko deialdia luzatu die udal langileen komiteak udaleko langileei. Hildako beharginak lan egiten zuen Impacto enpresako komiteak ere 24 orduko lanuztea konbokatu du gaurko.

Osalanen aurretxostena

Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen txostenek argituko dute ezbeharra zehazki zelan gertatu zen eta zeintzuk izan diren arrazoiak. Momentuz Osalanek aurretxosten labur batean jaso du istripuari buruz dakiena. Aurretxosten horren arabera 48 urteko langile zornotzarra garbiketa lanak egiten zebilen igerilekuko aldagela batean. Impacto enpresako langileen komiteko Marisa Silverok zehaztu du garbiketarako erabili ohi den presiozko makina batekin zebilela. Makina horrek konbustio motor batekin lan egiten du. Horrela, aurretxostenaren arabera, “karbono monoxido bidezko intoxikazioa” izan da heriotzaren arrazoia. Gas hori arnastearen ondorioz hil da. Silverok informazioa osatu du makina “eraikinaren barruan” zegoela adieraziz.

Aurretxostenak ez du jasotzen, baina udal langileen komiteak jakinarazi duenez, jazoera berean obra eta zerbitzuetako udal brigadako langile bat ere ospitalizatu behar izan zuten.

Komite biek “ezbeharraren arrazoiak zehaztasunez ikertu ditzatela eta erantzuleek hartu behar dituzten ardurak hartu ditzatela” eskatu diete ohar banatan bai Osalani eta bai Lan Ikuskaritzari.

Udaleko langileen komiteak kontratazio zuzenak eskatu ditu. “Aztertu behar da kontratazioen munizipalizazioa, kalitatezko lana sortze aldera”. Impacto enpresako komiteak, aldiz, zerbitzuak kontratatzen dituztenei —Zornotzako Udala, kasu honetan— eskatu diete “zaindu” ditzatela azpikontratatutako pertsonen segurtasun neurriak eta osasun laborala, alderdi horien “erantzule zuzenak” direla uste baitute.

Sindikatuen iritzia

ELA eta LAB sindikatuek enpresarengan eta udalarengan, biengan, jarri dute gertatutakoaren erantzukizuna. “Batetik, azpikontratatutako enpresek ez dituzte prebentzia legeak betetzen eta, bestetik, administrazioak ez dira arduratzen kontratatzen diren enpresei legea betearazten. Horren ondorioa, prekarietatea, lan baldintza kaskarrak eta hildakoak dira”, salatu du ELAko Josu Otzerinjauregik.

LABeko Eulate Zilonizaurrekoetxearen esanetan horrelako istripuak “ez dira kasualitatea” eta “prekarietatearen ondorioa” dira. Kasu konkretu honetan, prebentzioko eta  osasun arloko “utzikeria” eman dela salatu du. “Udalari  nahikoa dela esan gura diogu eta utzi ditzala azpikontratuak alde batera”. Bide horretan “kontratazio zuzena da prekaritatearekin amaitzeko moduetako bat”.

Kontzentrazioa ostiralean

Ostiral honetan, 19:00etan, Zornotzako herri mugimenduak kontzentrazio bat deitu du 19:00etan Zornotzako Erreferendum plazan lan istripua salatzeko. Honako hau izango da leloa: 'Azpikontratazioa=Prekarietatea, hiltzailea'.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!