Eguerdiko 13:00etan lan istripua jazo da Zornotzan, Jauregizahar inguruko igerilekuetan. Ertzaintzak adierazi duenez langile bat ondoezik aurkitu dute igerilekuko aldageletan. Suhiltzaileek bertatik atera eta bihotz biriketako bizkortzea egin diotela jakitera eman dute. Udal arduradunek zein suhiltzaileek konfirmatu dutenez, langile hori hil egin da.
Langilea Impacto enpresakoa zen eta 47 urte zituen, ELA sindikatuak bere webgunean publiko egindako oharrean azaldu duenez. Lehiaketa publikoaren bidez zerbitzuak ematen dituen enpresa bateko langilea zen, hain zuzen ere, Zornotzako Udalak heleraziko oharrak jasotzen duenez. Beharginak 25 urte zeramatzan lanean. Ezbeharraren zergatiak ikertzen ari dira Ertzaintza eta Osalan. Udal ordezkariek "nahigabea" agertu dute gertatutakoagatik eta doluminak helarazi dizkiete zendutako langilearen senideei.
"Ezbeharraren arrazoiak argitzea eta egon daitezkeen ardurak ebazteko ikerketa sakona egitea" eskatu dio ELAk Bizkaiko Lan Ikuskaritza eta Osalani. LABek azpikontratazioekin amaitzea eskatu die instituzioei. "Azpikontratetako prekarietatea eta segurtasun eza determinanteak dira horrelako istripuak gertatu ahal izateko", oharrean diotenez. Horregatik, istripuak ez direla "halabeharrezkoak" salatu du LABek.