Iban Ibarretxe: “Bakarrak gara domekero irteten; inork ez digu inoiz kontrakorik esan”

Aitziber Basauri 2016ko aza. 27a, 10:00

Elkarte legez 2000. urtean jaio zen Udazken txistulari elkartea. Hala ere, ordurako urte bi zeramaten domekero diana jotzen. Herria txistularirik gabe geratu zela-eta, aspaldiko usadio hori berreskuratzeko udaletik egindako proposamenari heldu zioten txistularietariko bat da Iban Ibarretxe. Zornotzako musika eskolan eta Bermeon ere irakaslea da.

Domekero txistu doinuak dituzue Zornotzan. Huts egin gabe?
Bai. 1998an hasi ginen, eta hori da elkartearen izaera. Hiru hasi ginen. Anaia eta biok txistuagaz —bi ahotsetara— eta, Ken7-ko Eñaut Elorrieta atabalagaz. Gehiago batzen joan dira gero, txistua utzita zuten txistulari batzuk, eta musika eskolan zebiltzanak ere bai. 35 bat lagun gara orain.

Domekako kalejira da elkartearen izaera?
Bai. Dianak 08:00-09:00etan izaten dira, eta  halaxe hasi ginen. Askotan gaupasa eginda. Gero, atzeratzen joan gara, 10:00etan, 11:00etan... orain 12:00etan egiten dugu. Dianatik kalejirara igaro gara. Hori bai, domekero egin dugu, inoiz hutsik egin barik. Izango dira bizpahiru bider txistulari bik irten izana, baina, normalean, lauzpabost irteten gara. Azkenaldian, umeekin, hamar bat batzen gara.

Inork ez dizue inoiz urik bota?
Ez! (barrez). Betiko tradizioa izan da diana, eta ez dugu inoiz ezer entzun. Hala ere, diana jotzen genuenean, goizera arte zabalik izaten ziren taberna batzuetatik pasatzean kalera irteten  ziren: txistua kentzen, tanbolina jotzen... izaten genituen.

Betidanik egon da txistularien diana Zornotzan?
Bai. Trantsizio garaian izan ziren pare bat urte dianarik gabe. Gure aurretik ere, izan ziren hor beste urte bi inguru txistulariak irten ez zirela.

Bizkaian bakarrak zarete domekero irteten?
Nik dakidala, bai! Udal bandez aparte, Euskal Herrian bakarrak gara domekero irteten; inork ez digu inoiz kontrakorik esan. Kalejira horiek liga erregularra dira;  maiatzetik abuztura herriko ermitetako saioak Errege Kopa; eta Txapeldunen Liga herriko jaietako kontzertua. Txistulariak, dantzariak, txalapartariak, erraldoiak... izaten dira, eta jendea erakartzeko abeslari ezagunen bat. Txistu Eguna ere egiten dugu.

Londresen, Eskozian... ibili zara txistuagaz.  
Elkarte lez baino, batzuk elkartu eta joan izan gara. Austrian ere ibili gara. Harrituta geratzen dira. Instrumentu bi jotzen ditugulako, eta hiru zulogaz hainbat eskala eta abesti jotzen ditugulako. Tronpetak hiru pistoi ditu, nota guztiak jo daitezke, baina hiru zulodun flautagaz melodia guztiak afinatuta jotzea bitxia iruditzen zaie. Txistuak aurrerapen handia izan du, kontserbatorioan ikasten da, afinatuta, eta beste edozein instrumentugaz jo daiteke. Costa Rican, Argentinan, Mexikon, Bulgarian, Polonian.. ere egon naiz Bakioko dantza taldeagaz.

Gaita nafarra eta alboka ere jotzen dituzu. Aldea dago?
Denak dira haizezkoak, baina bakoitzak bere berezitasuna du. Albokagaz uneoro kontrolatu behar duzu arnasketa, eta gaita naparra zailagoa da afinatzeko. Gainera,  masailetan indar asko behar da. Txistua da errezena, beti jo izan dut.

Zornotzako danborradako zuzendari ere izan zara 16 urtez. Iaz eman zenuen lekukoa.
Bai. Futbolean lez, entrenatzaileek denbora luzean nekatu egiten dute jendea. Azken urtean haserretu egin ziren batzuk, hartu nituen erabaki batzuengatik. Joatea erabaki nuen. Zapore gazi-gozoa geratu zait.

Udazken Barri erraldoien konpartsakoa ere bazara. Saltsa guztietako perrexila?
Erraldoiak egin zituen udalak, baina ez zegoen konpartsarik. Gerora sortu genuen. Dantzari izandakoa ere banaiz, eta dantzan jakin eta indar apur bategaz... nahiko erraza da. Indarra baino, teknika behar da oraingo erraldoiak eramateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!