Arreibiko eraikinari bizileku erabilera gehitu diote

Anboto 2016ko urr. 28a, 17:44

EAJren asmoa eraikin hori promotore pribatu bati saltzea da etxebizitzak egin ditzan. EH Bildu eta HiriEkimena salmentaren aurka daude; eraikinaren erabilera soziala eskatu dute eta abstenitu egin dira.

Arreibin udalaren jabetzakoa den eraikin bat dago. Beheko planta, hiru solairu eta atikoa ditu. Gaur arte bulegoetarako bakarrik erabili zitekeen. Aurrerantzean bizileku erabilera ere izango du. Gaur goizeko udalbatzarrean onartu dute hori ahalbidetzen duen plan partziala.

Gobernu Taldeko EAJren asmoa lehiaketa publikoaren bidez eraikin hori promotore bati saltzea da, etxebizitzak egin ditzan. Hortik ateratako dirua musika eskola berriko finantziaziora bideratzea nahi du. Horrela jaso zuten iazko abenduan onartutako aurrekontuetan.

EH Bildu abstenitu egin da. Bizileku erabilera gehitzeagaz ados daudela azaldu du Izaskun Oianguren zinegotziak erabilera sozialerako aukerak gehitzen dituen heinean, baina “ez gaude ados udal ondasunak saltzeagaz”. Gainera, Urko Lopezek kontuan hartzea garrantzitsua deritzon beste kontu bat aipatu du: “Amankomunazgoagaz batera gizarte zerbitzuen mapa egiten gabiltzanez, hortik beharrizan batzuk irtengo dira herrirako zein eskualderako; eta ez nabil etxebizitza sozialei buruz bakarrik, bestelako beharrizan sozial batzuei buruz ere bai. Beraz, beharrizanak jakin aurretik saltzea agian ez da ideiarik onena”.

Hiri Ekimeneko Abel Isasi ere bizileku erabilera gehitzeagaz ados agertu da, baina saldu beharrean udalak “alokairu sozialeko etxebizitzak” egin beharko lituzkeela uste du: “Askoz irtenbide hobea da eta herritarrek eskatzen dituzte horrelako ekintzak”.

Andoni Agirrebeitia alkatearen ustez babes ofizialeko etxebizitzen  “eskaria estalita” dago Zornotzan udalbatzarra amaitu ostean azaldu duenez: “Durangaldean alde handiagaz babes ofizialeko etxebizitza gehien egin diren herria da”. Beste arazo bat finantziazioa litzateke: “Dirua nondik atera? Bi milioi eurotik gorako inbertsioa eskatuko luke. Uste dugu herrian beste lehentasun batzuk daudela”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!