Zornotzako Gure Esku Dagok ere herri galdeketa egiteko erabakia hartu du

Anboto 2016ko urr. 24a, 14:16

Herri batzar irekian hartu dute erabakia: “Harrotasunez hartu dugu gure herrian prozesu hai martxan jartzeko ohorea”, azaldu dute. Durangaldean Zornotza, Elorrio, Durango eta Abadiño dira oraingoz 2017an herri galdeketa egiteko bidea hartu duten herriak.

Zornotzako Gure Esku Dagok “erabakitzeko eskubidea praktikara eramatea erabaki du, herritar guztiei galdeketa eginez”. Joan zen eguenean egindako herri batzar irekian hartu zuten erabakia. Egun berean Abadiñoko Gure Esku Dagok ere herri galdeketa aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen beste herri batzar ireki batean.

Hasi berri duten prozesuak “zabala, gardena eta anitza” izan gura duela diote Zornotzako Gure Esku elkartekoek ohar batean: “Horretarako herriko sektore desberdinak, indar politiko eta gizarte eremu guztietako eragile sozial denak parte hartzera gonbidatuko ditugu, hala nola hezkuntza, emakumea, kirola, kultura, euskara, ekologia, gazteria edo eta gizarte mugimendu eta sektore desberdinetakoak, lan mundukoak, hirugarren adina…”.

Helburu horrekin “hainbat deialdi publiko” egingo dituzte gura dutenek herri proiektu horretan “aktiboki” parte hartu dezaten.

Horrelako prozesu batek lan handia eskatzen duela jakitun, “dei berezia” egiten diete herritarrei “arretaz eta eskuzabaltasunez” jokatu dezaten “ekimen honetan parte hartuz eta beharrezko aupadak emanez”. Bidea “elkarrekin egiteko” gonbita egin diete herritarrei “herri gisa ditugun erronken aurrean, protagonista bakarra euskal gizartea izan dadin”.

Horrelako herri galdeketa batek “herritar guztiok askatasunez bozkatzen erabakitzeko” aukera eskaintzen duela gehitu dute. Era berean, “pertsona guztiok  hausnartzeko parada” hartzeko ere balioko du “hemen erabaki nahi eta behar dugun gizartearen arlo guztietan eta bakoitzean, estatu espainiar eta frantziarrekiko, Euskal Herriak duen menpekotasun-mailaren inguruan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!