Abadiñoko Gure Esku Dagok 2017an herri galdeketa egiteko konpromisoa hartu du

Atzo egindako herri batzarrean bertaratu ziren herritarren baietza jaso zuen proposamenak.

Traña-Matienako Errota kultur etxean egindako herri batzarrera 28 abadiñar batu ziren. Bertan herri galdeketa egitearen aldeko adierazpena onartu zuten ia aho batez (27 alde eta 1 abstenitu). “Abadiñoko Gure Esku Dago elkarteak 2017. urtean Abadiñon herri galdeketa egiteko konpromisoa hartu du”, jasotzen du testuak: “Orain arte gurekin izan zareten guztion lankidetza eta elkarlana behar beharrezkoak ditugu erronka hau arrakastatsua izan dadin”.

Beheko aldean osorik irakurgai duzuen testuagaz batera, aurrera begirako kronograma edo egutegia ere onartu zen bozketa berean. Bertan lau mugarri jasotzen dira, mugarri bakoitza herri batzar bat delarik.

Atzoko batzarra izan zen lehen mugarria. Orain, azarotik aurrera, sinadurak batzen hasiko gara. Horretarako, besteak beste, kalean postuak jarriko ditugu. Egunak eta orduak zehaztuta daudenean gure bitarteko guztien bidez iragarriko ditugu.

Aurretik datozen erronkak ilusioz hartzen ditugu, baina badakigu lan handia eskatuko dutena ere. Herri galdeketaren prozesua aurrera eramateko beharrezkoa da ahalik eta talde zabalenaren ekarpena. Beraz, laguntzeko prest bazaude (sinadura bilketan, esaterako) helbide elektroniko honetan jakinarazi dezakezu: abadinogureeskudago@gmail.com. Sare sozialen bidez ere jarri zaitezke hartuemanetan (Twitter: @AbadinoGureEsku eta Facebook: Abadiñoko Gure Esku Dago).

Hona atzo irakurri eta onartutako testua. Gura duenarentzat gazteleraz ere eskuragarri dago. Goian zerrendatutako bitartekoen bidez eskatu dezake:


"Erabakimena da gizaki librearen ezaugarrietako bat eta bere askatasunaren neurgailu zehatza.
Zer nahi dugun izan, zer nahi dugun egin, gauza txikietan bezala handietan ere, erabaki eta gauzatzeko ahalmena gutako bakoitzaren eskuan dagoela sinestea da demokraziaren oinarria.

Gauza batzuetan naturak berak mugatzen digu erabakitzeko ahalmena, baina beste batzuetan ezintasunak beste leku batetik datoz, beste batzuek ukatzen digutelako erabakimena.

Baina gizaki libreak bere kabuz nahi du erabaki, ez inoren esanetara. Erabakitzeko eskubidea herritar guztiona delako, gutako bakoitzarena. Gure hitza gure eskubidea delako.

Erabakitzeko eskubideak ez du baldintzatzen erabakia bera: erabakia hartzeko jartzen du bidea, bakoitzak ibili dezan nahi duen aldera. Horregatik hain zuzen, erabakitzeko eskubidea eta demokrazia txanpon beraren bi aldeak dira.

Urteak dira euskaldunok erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko bideari ekin geniola: 2014an, erabakitzeko eskubidearen aldarria olatu baten antzera jaiki zen gure artean eta milaka herritarrez osatutako giza-katea batekin zabaldu zituen bere uhinak Durangotik Iruñeraino.

2016an hainbat herri-galdeketa egin ziren Goierri aldean, Deba bailaran eta Ispasterren. Abadiñon, Korrikaldia egin genuen ekainaren 12an, Bidean goaz leloarekin.

2017an herri-galdeketa asko egingo dira: Gipuzkoak Urola aldean, Bizkaiko Uribe kostan, e.a.
Eta Durangaldean ere egingo ditugu: Zornotzan, Durangon, Elorrion eta Abadiñon hain zuzen ere. Abadiñon asko gaude desiratzen parte hartzeko konpromiso zibikoz eta ilusioz jositako mugimendu horretan, alegia, gure erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Abadiñarrok ez garelako beste inor baino gehiago ezta gutxiago ere. Beste edonork dituen eskubide berberak ditugu, eta beste edonork bezainbat maite dugu gure bizitza askatasunez erabakitzeko eskubidea.

Hortaz, sinesmen hori gure eginez, Abadiñoko Gure Esku Dago elkarteak 2017. urtean Abadiñon herri-galdeketa egiteko konpromisoa hartu du. Orain arte gurekin izan zareten guztion lankidetza eta elkarlana behar beharrezkoak ditugu erronka hau arrakastatsua izan dadin".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!