Espero zenuen hain goian ibiltzea?
Gorbeia Suzien lasterketaren ostean —seigarren sailkapen orokorrean— nire buruarengan itzelezko konfiantza nuen, eta horregatik, indartsu irten nintzen hasieratik. Hain aurrean amaitzerik ere ez nuen espero, baina banekien lasterketa ona egin nezakeela.
Aurtengoa bigarren aldia izan duzu parte hartzen.
Bai, orain urte bi ere parte hartu nuen, 18 urte nituela. Aldi hartako gazteena izan nintzen. Orduan, 13.09ko denbora egin nuen. Beraz, ordu eta erdi pasatxo jaitsi dut aurten.
Hasieratik topera irtetea izan zen zure estrategia?
Bai, hasieratik arin irten nintzen. Gorbeara igotzen, lau laguneko taldetxo bat sortu zen aurrean. Gero, Zigorrek [Iturrieta] harrapatu egin gintuen atzetik. Gorbea bizi igo genuen. Ni entrenamendu laburrak eginda nengoen, batez ere, eta, horixe nuen, abiadura bizi hori. Eutsi egin nion gehiago sakatzeko gogoari, indarrak gordetzeko. Gero, Orixol bajatzen, tripetako arazoak izan nituen, eta denbora galdu nuen.
Zerk eragin zizun tripetako arazo hori? Elikadura desegokiak?
Ez dakit. Orain arte egin dudan laugarren lasterketa luzea da, eta aurretik inoiz ez zait horrelakorik gertatu. Hotzarena izan daiteke, edo jan nuen zerbaitena… auskalo! Hainbeste faktore daude hain lasterketa luzean…
Probako zatirik handienean bigarren joan zinen, eta azken txanpan gainditu zintuen Mikel Etxebarriak.
Bai. Oso nekatuta nengoen. 76. kilometro inguruan elikadura postu bat zegoen, eta bost bat minutuan han geratu nintzen: “Proba lasai hartu behar dut, bestela ez naiz helmugara helduko”, pentsatu nuen. Ahal nuen ondoen elikatu, eta irtetera nindoala, Zigor eta Mikel heldu ziren. Topera irten nintzen, eta Zigor atzean geratu zen. Baina Mikel ni baino indartsuago zihoan, eta Aizkorri igotzen atzean utzi ninduen. Jaitsieran harrapatu egin nuen, baina bidea zuzendu edo goratzen zenean, berriro geratzen nintzen atzean.
Horrelako lasterketa luzeetan, alderdi mentala ala fisikoa da mantentzen zailena?
Mentala, duda barik. Buruak hamaika buelta ematen dizkizu. Buruak ahal dela esaten badu, ahal da, baina bestela…
Zelan entrenatzen da alderdi mentala?
Ba, ez dakit. Ni oso burugogorra naiz, eta hori nire aldeko faktore inportantea da, batez ere, lasterketa luzeetan.
Durangaldeak duen etorkizun handiko beste korrikalari bat Aitor Ajuria otxandiarra da. Ezagutzen duzu?
Aitor makina bat da. Hemen inguruan, inork ez dauka bere abiadura eta potentzia kilometro bertikaletan. Urte bi gazteagoa da, eta oraindino hobea dator. Orain hilabete inguru, Axari Trail-en ezagutu nuen, lasterketa laburren Euskal Herriko txapelketan. Bera lehenengo heldu zen, eta ni bigarren. Minutu bi atera zizkidan. Orduan ezagutu genuen elkar. Harrezkero, Gasteizen ikusi izan dut, biok han ikasten dugu-eta (IVEF, Jarduera Fisikoen eta Kirol Zientzien fakultatean dihardu Anderrek).
Mendi lasterketetan zabiltzatenentzat ez da entrenatzeko tokirik aproposena.
Ez, Gasteizen ezin daiteke desnibelik sartu entrenamenduetan. Horixe da txarrena. Asfaltoan kilometroak pilatzen saiatzen naiz. Gero, entrenamenduei desnibela gehitzeko, ia astebururo joan izan naiz Anbotoko kilometro bertikala egitera azken hile bietan.
Aitor eta zu gazteak zarete, eta maila handian zabiltzate. Urte dezentetan lehia politak izan ditzakezue.
Ea horrela den! Beragaz lehian banabil, ez da sintoma txarra izango!
Zigor Iturrieta herrikideak zure atzetik amaitu zuen Hiru Haundiak proba, laugarren tokian. Hartuemanik baduzu beragaz?
Hiru Haundietan izan dut lehenengo hartuemana. Aurretik ez nuen ezagutzen. Gorbea jaisten, atzetik harrapatu gintuen, eta "gaztea zelan dabil ba?" galdetu zuen. "Norgatik diozu? Nigatik?", erantzun zion Iokinek [Garai]. "Ez, eskuman dudanagatik" zehaztu zuen Zigorrek. Ni nindoan bere eskuman eta orduan hasi ginen berbetan.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Imanol Goñi, esaterako. Korrikalari handia izateaz gainera, oso pertsona umila iruditzen zait, eta beti hurreratzen zaizu berba egitera. Zornotzan, esaterako, Egoitz Aragon ere badugu.
Mendiagaz duzun lotura etxetik eta umetatik datorkizu?
Bai, gurasoek askotan eraman izan naute Pirinioetara: Izaba, Hiru Erregeen Mahaia, Aneto, Benasque, Torla… Horrez gainera, 12 urte nituela, osabak Hiru Haundiak egin zituen, eta bera ikusten joan ginen. Gorbeako azken tartea osabagaz egin nuen. Orduan esan nuen 18 urte egitean neuk ere Hiru Haundiak egin behar nituela.
Gurasoak eta osaba harro egongo dira zure promesa bete izanaz.
Bai. Aita neu baino pozago dago. Berak ere ez du sinesten. “Haundia egin duzu”, esaten dit.
Datorren denboraldira begira, zer helburu duzu? Erronka berriak probatzea?
Urtarrilean hasiko naiz apiril-maiatzera begira. Egutegia zehaztu barik dut, baina Zegama-Aizkorri edo Travesera —Picos de Europan— ditut buruan, baina ez dut ezer erabakita. Nire helburu nagusia gozatzen jarraitzea da. Emaitzak heltzen badira, ikusiko dugu sakrifizio maila non jarri.
Aurten entrenamenduak serioago hartu dituzula aipatu duzu.
Oraintsu artekoekin konparatuta, udan entrenamendu serioagoak egin ditut, eta zaindu ere gehitxoago zaindu naiz. Udan lanean aritu naiz, eta asteko egun bi jai izanda, kontua ez zen bata parrandan galtzea eta bestea biharamunagaz egotea. Beraz, gutxitan irten naiz gauez. Jatekoa ere gehiago zaindu dut.
Udan mendia eta hondartza, bien artean aukeratzeko eskatzen badizute…
Mendia, duda barik. Eta zenbat eta mendi garaiagoak izan, orduan eta hobeto.