Danel Elezkanoren esker oneko mezua Iñaki Izari: "Asko irakatsi didazu"

Anboto 2016ko uzt. 12a, 13:38

Danel Elezkano eta Iñaki Iza: (Argazkia: Facebook: Danel Elezkano Bilbao)

Iñaki Iza zornotzarrak pilota profesionala utziko du lesio baten ondorioz. Danel Elezkanok mezu hunkigarri batekin agurtu du bere laguna: “Pilotari eskerrak ematen dizkiot zure moduko taldekide eta lagun bat ezagutzeko aukera emateagatik”.

 “Laguntasuna, elegantzia, umorea, alaitasuna, poza… baina batez ere zaren pertsona ona erakutsi diguzu denbora honetan guztian”, idatzi du aurrelari zaratamoarrak sare sozialetan. Ordu asko eman dituzte elkarrekin entrenamenduetan, pilota partiduetan…  eta “momentuak normalean onak zein txarrak izaten diren arren, zurekin danak positiboak izan direlakoan nago; denean irribarre bategaz ikusteak eredugarri egiten zaitu, beti laguntzeko prest”.

Pilota munduan “konfiantzarik handiena” izan duen pilotaria dela onartu du: “Asko erakutsi didazu eta oso esker oneko nago”.

“Beti pentsatu izan dut kirola ez dela bat ere justua izan zurekin”, uste du Elezkanok eta “pilotan falta izan zaizun zortea etorkizuneko bizitzan eduki dezazula opa dizut”.

Orain 14 ordu publikatutako gutunak atsegite eta erantzun asko jaso ditu sare sozialetan. Iñaki Izarena da erantzunetako bat. Elezkanori bere berbak eskertzen dizkio: “Sobran dakizu zure partiduak jarraituko ditudala eta zugan konfiantza pilloa dudana”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!