Kontratua amaitzear duela, osasunak arduratzen du; izan ere, aspalditik pilotalekuan sentitu izan duen gerriko mina handitu, eta egunerokoan eragiten ari zaio. Horrelako amaierarik espero ez arren, aurrera begira ipinita dago: neskentzako pilota eskola baten sorreran laguntzen dabil Zornotzan. Pilotalekuko elegantzia, berbetan ere igartzen zaio.
Lehenengo eta behin, zelan zaude, Iñaki? Ebakuntza bi egin dizkizute.
Bizkarrezurreko orno bat mugituta daukat, eta disko batean desgastea daukat. Lehenengo ebakuntzan, mina kentzeko blokeo bat egin zidaten. Bigarren egunetik aurrera igartzen hasiko nintzela esan zidaten, baina ez nuen hobekuntzarik igarri egun bakar batean ere. Orain dela hile eta erdi egin zidaten bigarren ebakuntza. Bizkarrezurreko nerbio batzuk erre zizkidaten, gerrialdeko sentsibilitatea galtzeko. Baina berdin-berdin. Azken hamar egunak txarrak izan dira. Azaroaren 21az geroztik jokatu barik nago, eta pilotan jarraitzea zaila izango zela jakin arren, ez nuen pentsatzen eguneroko bizimoduan eragingo zidanik. Lo egiterakoan ere min ematen dit. Animikoki desgastea dakar, baina ondo daramat, eta badut esperantza hobera egiteko. Uneotan, bizitza normala egin ahal izatea da nire lehenengo helburua.
Pilotaren ajea dira eskuetako eta lepoko lesioak...
Imajinatzen dut norberaren gorputzak ere edukiko duela zerikusia. Batzuek urte asko egin dituzte elitean lesio larririk barik. Debutatu eta eskuko minekin hasi nintzen ni; besoko nerbioaren galera etorri zen gero; gerria; beste eskua...
‘Q’ sukarra ere pasatu zenuen.
Inork ez du hori harrapatzen; bada, neuk harrapatu nuen!
Behin esan zenidan partidu asko ez ikustea erabaki zenuela...
Ez da erraza. Niri pilota ikustea gustatzen zait, baina egoera honetan inbidia sanoa etorri izan zait. Baina, bueno, lehen helburu moduan bizitza normala egitea ipintzen duzunean, pilota urrunago ikusten duzu. Apurka-apurka banoa partidu gehiago ikusten, eta frontoi batzuetara ere joan naiz.
Lana baino gehiago izan da pilota...
Egia da ibilbidea amaituko dela ikustean buruari buelta asko ematen dizkiozula: ez naiz gehiago Tolosara entrenatzera edo Iruñera jokatzera joango; ez naiz aldagela batean egongo; takoak edo praka zuriak ez ditut ipiniko... Gehien baloratu dudana giroa izan da: zure aurka jokatuko duenagaz aldagelan takoak ipintzen egotea, munduan gertatutakoak komentatzen, adibidez. Bestalde, pilotak Euskal Herri osoa ezaguzeko aukera eman dit, eta hori asko baloratzen dut.
‘Berria’ egunkarian adierazi zenuen lesioekin gogortu egin zarela pertsonalki.
Horrela da. Topiko bihurtzen da, baina egia da. Asko baloratu izan ditut min barik jokatutako partiduak. Pazientzia behar duzu, eta lan eginez gero denak dauka irtenbide bat. Bizitzako beste eremu batzuetarako ikasi dut.
Babestuta sentitu zara?
Bai. Zornotzan jende piloa ezagutzen dut, eta igartzen da niganako interesa eta babesa. Horrelako momentuetan ikusten da nor datorren interesagatik eta nor lagun sentimenduagatik. Baina, familia eta lagunak hor egon dira beti, eta, orokorrean, zornotzarrek emandako babesa ere asko eskertzen dut.
Aurrera begira, Zornotzan nesken pilota eskola baten sorreran laguntzen zabiltza.
‘Erdu pilotan’ dauka izena talde berriak, eta hutsune bat sumatu dugulako jaio da. Umetan jokatu izan nuen nesken aurka, eta maila parekatuan, gainera. Baina 12-13 urtegaz, eurek ez dute jarraipenik edukitzen esku pilotan. Orain, zenbait herritan hasi dira taldeak sortzen, eta federazioak ere partiduak antolatzen ditu. Gure talde berriagaz neskatoek erreferentzia bat edukiko dute, eta adin batera ailegatzean jarraipen bat izango dutela jakingo dute. Inskripzioa amaitzean, adinen araberako taldeak egingo ditugu. Neskena oinarrian egon arren, mutilak ere hartuko ditugu, eta palan jokatzeko aukera ere egongo da. Bestalde, herriko beste elkarteekin ekintzak garatuko ditugu, mendi irteerak, adibidez. Itxaropentsu gaude.
Berritzailea da, beraz.
Ez da pilota eskola konbentzionala izango. Entrenamenduetan, adibidez, umeek ez dituzte hamar sake, hamar dejada eta hamar gantxo egingo. Partiduetan, maila baxuagoa duena kantxa bazterrean geratu ohi da, eta ez du disfrutatzen, umiliazioa gertatzeaz gainera. Horrelako gauzak ez pasatzea da gure asmoa. Ezin da gertatu pilotari batek partiduak ez jokatzea.
Pilotagaz lotuta jarraitzeko modu bat izan ahal da, ezta?
Bai. Beti gustatu izan zait umeekin egotea, baina ez dut denbora askorik eduki pilota eskolan laguntzeko. Libre egon naizenean lagundu izan dut, eta orain denbora libre gehiago dudanez, oso pozik jardungo dut eskola berrian. Umeei erakusteak beti piztu dit interesa; irakasle ikasketak egiten nabil, eta ahalik eta arinen amaitzea espero dut.