Zornotza Saskibaloi Taldeak Zilarrezko LEB ligan jarraituko du hurrengo denboraldian

Anboto 2016ko uzt. 1a, 10:06

Atzo urteko batzar orokorrean bazkideek aho batez onartu zuten Zilarrezko LEB Ligan jarraitzeko zuzendaritza batzordeak aurkeztutako aurrekontu proposamena. Hala ere, Joxe Etxebarria presidenteari zapore “gazi-gozoa” geratu zaio: Azken asteetako burrundada osoaren ostean, Zornotza S.T.ren 500 bazkideetatik 25 bakarrik batu ziren batzarrera.

Azken egunetan 5.000 euroko laguntza bat sinatuta ez, baina badute hitzartuta; 4.000ko bat, 1.000ko bi eta 300eko bost-sei ere bai: “Konfirmatuta geneukan babesleekin eta beste posible batzuekin aurrekontu bat osatu genuen Zilarrezko LEB ligan jarraitzeko”. 250.000 bat euroko aurrekontua osatu zuten. Batutako bazkide guztiek “aho batez” baietza eman zioten proposamen horri. Orain, “lanean jarraituko dugu falta diren 9.000 euroak bilatzeko. Hiru-lau enpresagaz berba egin behar dugu datozen 15 egunetan. Ahalik babesle gehienak uztailak 12a baino lehen —Espainiako federazioan izena emateko azken eguna— lortzen saiatuko gara eta, bestela, urtean zehar lan egingo dugu”. Babesletzak “herrian bertan” aurkitu dituzte, baina “herritik kanpora ere saiatu gara”.

Batzarrean 25 bazkide: “Dezepzionaturik nago”

Zornotza S.T.-k 500 bat bazkide ditu eta atzoko batzarrera 25 batu ziren. Azken asteetan saskibaloi taldearen beharrizan ekonomikoek oihartzuna izan dute komunikabideetan eta zornotzarren artean bolo-bolo ibili den gaia izan da. Horregatik, hain batzar garrantzitsuan bazkideen aldetik erantzun zabalagoa espero zuten: “Triste eta dezepzionatuta nago. Batzarrak zapore gazi-gozoa utzi zidan. Han bertan esan nuen lehenengo kontua hori izan zen. Gure kontua alde guztietan irten da eta egoera larria da. Bazkideen babesa inoiz baino gehiago behar genuen, baina ez da horrela gertatu”.

Azken asteetan ateratako pultsera berdeekin aurrera jarraituko dute. 1.000 pultsarako lehenengo sorta ia amaitu dute eta jaietarako 2.000ko beste bat eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!