Luisja Ugarte Zornotza Aretoko arduraduna, Mitxel Etxebarria zinegotzia, eta Gorakada antzerki taldeko ordezkari bi izan dira gaurko pentsaurrekoan. Bihar hasi eta maiatzera arte antzoki horretan eskainiko duten programazioaren berri eman du Ugartek, eta biharko emanaldirako gonbidapena luzatu dute Alex Díaz Gorakadako zuzendariak eta Fran Lasuen musikari eta aktoreak.
Moby Dick antzezlanaren urte eta erdiko sorkuntza prozesua Zornotza Aretoan hasi zela gogora ekarri, eta oso eskertuta agertu da Alex Díaz Gorakadako zuzendaria: "Beti eman izan diguzuen laguntza oso presente dugu, eta biharkoa estreinaldia balitz bezala biziko dugu".
Ikuslearen imajinazioa martxan
Gorakadaren aurreko ikuskizunetan abiaturiko elkarlanagaz jarraituz, Lisboako Chapitô antzerki taldeko José Carlos Garcíak zuzendu du Moby Dick, eta Díazek azpimarratu du zuzendari horren eskua asko igartzen dela antzezlanaren alde bisualari zein dramaturgiari dagokionez ere. Gainera, "ikuslearen imajinazioa martxan ipintzeko gaitasuna du" Díazen berbetan Moby Dick antzezlanak. Dagoeneko eskaini dituzten hogeitik gora emanaldietan ikusleek harrera oso beroa egin dietela azaldu du zuzendariak, eta Zornotzako biztanle batek, Fran Lasuen musikariak, antzezlanari egindako ekarpena ere goraipatu du: "Oso inportantea da musikaren ekarpena".
Fran Lasuen zornotzarrak ere hartu du parte gaurko prentsaurrekoan, eta honakoa adierazi du: "Gurea ez da musikariek antzerkian izaten duten parte hartze topikoa izan; oso modu aktiboan parte hartu dugu sorkuntza prozesuan, eta antzezlanaren alde narratiboaren garratzitsua da musika". Azpeitiako Antzerki Topaketan publikoaren saria jaso izanak erakusten duen bezala, ikuslegoak Moby Dick oso ondo hartu duela azpimarratu du Lasuenek: urritik, Euskal Herriko antzokietan, zein Estatuan eskaini dituzten emanaldietan ere, ikuskizunak funtzionatu duela esan du musikariak.
Bertako sortzaileen erakusleiho eta laborategi
Gorakadagaz, bertako sortzaile askoren lanaren emaitzagaz, abiatu, eta amaitu ere, bertako sortzaileen lanagaz amaituko du Zornotza Aretoak. Luisja Ugarte kultur teknikariak azpimarratu du, Marie de Jongh taldearen Amour izango dela, maiatzaren 20an, 20:00an, aretoko programazioa itxiko duena. Ugarteren berbetan, "urte guztian zehar herriko musikari, antzerkigile zein zinegileek Zornotza Aretoaren babesagaz egiten duten lanaren isla da programazioetan euren sorkuntzek hartzen duten lekua".
Hilero, bataz beste bost kultur emankizun izango dira Zornotzan gozagai: filmak, antzezlanak, kontzertuak eta dantza emanaldiak. Zerrenda luzea, eskaintza zabala da Zornotza Aretokoa. Kulturgunearen webgunean ikusgai dago urtarriletik maiatzerarteko egutegia eta ikuskizunei buruzko informazioa. Norberak gustokoak azpimarra ditzan.