Sarrera-gastuak 26.793.320 eurotan parekatu dituzte. Azken 10 urteetako lan-ildoei jarraituz, gizarte ikuspegitik zein lurraldeari dagokionez (auzo-herrigune) herritarren arteko “kohesioan” sakontzen duten aurrekontuak direla nabarmendu du Andoni Agirrebeitia alkateak: “Zornotzarrak ditugu helburu”.
Horrela, aurrekontuen zatirik handiena, %61, zerbitzuetara bideratuta dago: 16.343.700 euro. Hor barruan, besteak beste, Enplegu eta Ekonomi zein Gizarte Ongizate arloetan izandako igoerak nabarmendu dituzte, %27 eta %7, hurrenez hurren. Horrela, enplegua eta ekonomia sustatzeko, guztira, 671.560 euro izango dituzte aurten eta gizarte ongizateko beharrizanak estaltzeko 3.320.000 euro. Azken hamarkadan bibidertu egin dute Gizarte Ongizatera bideratutako atala Agirrebeitiak gogoratu duenez; 2006an, 1.598.000 eurokoa zen.
Inbertsio nagusiak
Inbertsioek aurrekontu osoaren %15a hartuko dute: 4.018.093 euro. Batzuk hasita dauden obrak dira, beste batzuk berriak. Aurten jarraipena ematen zaien obren artean Osasun Zentro inguruko urbanizazio lanak daude. Beste diru atal bat Astepera bideratu dute. Kaltetuta daude etxebizitzetako jabeekin akordioa itxita du udalak. Bizileku haien jabetza lortzeko eta, ondoren, eurak eraisteko erabiliko dute diru-atala.
Musika eskola berria eraikitzen ere hasiko dira 2016an. Iaz ideia lehiaketa abiatu eta proiektu bat aukeratu zuten. 2016-18 urteen artean eraikiko dute eta, beraz, datozen hiru urteetako aurrekontuetan banatuko dute 2,5 milioi euro eskatuko dituen inbertsioa; aurten miloi bat euro. Hain zuzen, horixe da inbertsioetako diru atalik handiena.
Inbertsio berrien artean Ogenbarrena ingurua berrizteko bigarren fasea dago. Unamuno, Juan XXIII eta Ogenbarrena kaleei eragingo die. Beste diru-atal bat estalitako umeen parke bat bermatzera bideratuko dute: parke berri bat egitea edo dagoeneko badagoen bat berritu eta estaltzea, aukera biak irekita dituzte oraingoz. Larreako futbol zelaiko zorua ere aldatuko dute. Gune batzuk hondoratuta daude eta euria egiten duenean erabilgaitz egoten da.
Auzoei begira
Inbertsioen atalean auzoetara bideratutako diru kopurua azpimarratu dute: “Min ematen dit auzoetan inbertsiorik egiten ez dela entzuteak”, onartu du Agirrebeitiak. Horregatik, azken hamarkadan auzoen hobekuntzara bideratutako kopuru osoa zenbatu eta jakinarazi du: 2006tik 2015era 13.514.000 euro bideratu dituzte auzoetara; aurten inbertsioen %25a hartuko du (1.093.000 euro). “Inbertsio eta ahalegin potenteak egin izan dira auzoetan; beti sentsibilitate handia izan dugu auzoekiko, unean-unean erabilgarri genituen errekurtsoekin”.
INBERTSIO NAGUSIAK
- Musika eskola............................................................................... 1.038.757 euro
- San Juan eta San Migel kaleen inguruko urbanizazioa................... 691.000 euro
- Astepe ingururako.......................................................................... 638.841 euro
- Ogenbarrenako bigarren fasea....................................................... 367.304 euro
- Larreako futbol zelaia..................................................................... 360.000 euro
- Haurrendako parke estalia............................................................... 275.000 euro
- Kaitana plaza berria eta inguruko azpiegiturak............................... 233.000 euro
- San Juan kaleko urbanizazioa......................................................... 177.805 euro
- Bide publikoak................................................................................ 80.000 + 200.000. (Diru atal bi
dituzte)