Ogenbarrena auzoko azpiegitura hobetu eta espazioa berrantolatu dute

Anboto 2015ko ots. 13a, 13:32

David Latxaga alkatea, Andoni Agirrebeitia alkateordea eta Alvaro Cerezo obren zuzendaria.

Amaitu dituzte lehen faseko lanak, Aramotz-Gudari eta Landeta-Arrieta Jaio kaleen artekoak. Uda ostean Landeta eta Ogenbarrena kaleen artekoak hasi gura dituzte.

Orain aste bi amaitu zituzten lehen faseko lanak —300.000 euroko aurrekontuagaz— eta gaur eman dituzte xehetasun denak David Latxaga alkateak, Andoni Agirrebeitia alkateordeak eta Alvaro Cerezo obren zuzendariak. Lanek gunearen “hobekuntza integrala” ekarri dutela adierazi dute.

Espazio publikoa berrantolatu eta berrizterako orduan oinezkoak lehenestea izan da irizpide nagusia: espaloiak zabaldu (metro bat baino gehiago gune batzuetan) eta bidegurutzeetako oztopoak kendu dituzte, eta, argiteria osoa berritu dute; helburua oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna hobetzea izan da. Lehen Arroita Jaion alde bietan zeuden aparkalekuak eta orain alde batean batu dituzte (bateria erara aparkatzeko). Unamuno kaleko aparkalekuak ere berrantolatu egin dituzte. Aldaketa horiek guztiak komertzioentzako onuragarriak izango direla uste dute, espazio zabalagoa izango dutelako sarreretan.

Azpiegiturei dagokionez, orain arte hodieria beretik zihoazen euri-urak eta fekalak bereiztu egin dituzte: orain hodi banatan doaz. Kolektore berri bat ere jarri dute. Berrikuntza horiek hainbat onura ekarriko dituzte: Batetik, hodieria ez da trabatuko eta, ondorioz, usain txarrak desagertu egin beharko lirateke. Bestetik, araztegira ur fekalak bakarrik helduko dira eta eraginkortasuna hobetuko du.

Ogenbarrenako espazioaren berrantolaketak zabor guneei ere eragiten die. Barrualdetik auzoaren periferiako hiru gunetara tokialdatu dituzte. Horrela, zabor bilketarako kamioak ez du auzo barrura sartu beharrik izango.

Uda ostean bigarren fasea

Uda ostean lanen bigarren fasea (Landeta eta Ogenbarrena kaleen artekoa) hasi gura du udalak. Aurrekontuan jasota dago inbertsio hori, proiektuaren erredakzioa “laster” amaituta egongo dela adierazi du Latxaga alkateak eta lanak uda ostean esleitu gura dituzte. Gune hartan ere lan integrala osatuko dute; azpiegiturak berritu eta espazio publikoa berrantolatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!