Irailaren 18an tunelak martxan jartzeko falta diren obren eraikuntza proiektua onartu zuten Pradalesek jakinarazi duenez. Era berean, lizitaziorako baldintza agiriak onartu ziren, “obra horiekin ahalik lasterren jarrai dadin”. BEZ barik, 21.898.500 euroko aurrekontua dute eta egikaritze epea 25 hilekoa da. Pradalesen esanetan kostu ekonomikoa Aldundiak obren hasierako eraikuntza proiektuan baloratu zituen parametro ekonomikoetan geratuko da.
Tuneleko lanak geldi daude Aldundiak obren esleipendunekin kontratua hautsi zuenetik. Enpresen partetik arau hausteak salatu ditu: “Ekainaren amaieratik tuneletan, proiektuaren funtzesko zati kritikoan, kontratistak gauzatzen ari ziren jarduera hutsala izan da”. Martxoan Muxika aldetiko lanak geratu zituzten eta ekainean Zornotza aldekoak. Kontratistek ezin zieten aurre egin ingurumen eskakizun teknikoen ondoriozko kostu altuei, baina Pradalesen esanetan lizitazio agirietan “zorrotz jaso zen baldintza geotekniko, geologiko edo hidrologikoez bestelako igoerak baleude, obren esleipenduna den ABEEri ordainaraziko zitzaizkiola”.
Proiektuaren ingurumen alderdiari “hasiera-hasieratik” erreparatu zaiola azpimarratu du, “are gehiago zati bat Urdaibaiko Biosferako erreserban egiten dela kontuan hartuta”. Hala, egun dauden ubideen desbiratzeak, drainatzeko obrak eta paisaia berreskuratzeko lanak “lehentasun berezikoak izan dira proiektua diseinatzeko orduan” eta konpentsazioko ingurumen neurriak sartu dituen “Bizkaiko lehen errepide proiektua” izan dela gaineratu du. Akuiferoaren egungo egoerari dagokionez, inplikatutako ingurumen agenteek egindako bisita eta ikuskapenetan “egiaztatu” ahal izan denez, “orain arte egindakoak ez du akuiferoaren jarreran eraginik izan”.
Tunelaren gaur egungo egoeraren gainean ere berba egin du. Obrak tunelen erdiko tartean zentratzen dira, horixe baita konplexutasun handiena duen zatia, akuiferoa bertan dagoelako. Aurrerapen fasean, hodi bakoitzean 396 eta 695 metrotik 62 eta 63 metro daude induskatzeke. Akuiferoaren tartean xehatze eta kontrabobeda indusketa lanak falta dira eta tunelaren erdia eta espaloi eta instalazio guztiak estali behar dira.
Kanpoaldeko obra, aldiz, “ia amaituta” dagoela baieztatu du.