Zazpi enpresek (Sacyr, Mariezcurrena, Bycam, Viconsa, Cavosa, Zubieder eta Febide) bat eginda jardun dute Autzagane errepideko obretan. Aldundiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Interbiak enpresa publikoak —Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Arloaren mendeko organoa— enpresa horiekin lotzen zituen kontratua hausteko prozedura hasi du. Izan ere, lanak geldirik daude hilabete baino gehiagoan. Tunela egiteak gainkostuak ditu, esaterako, ingurugiro eskakizunek eraginda eta enpresek gastu horri ezin diote aurre egin. Baina Aldundiaren esanetan, kontratuaren baldintza orriak “zehaztasunez jasotzen du, baldintza geotekniko, geologiko zein hidrologikoek eragin ditzaketen balizko gainkostuak obren esleipendunen kargu izango direla”.
Uztailaren 28an lanei berriko ekiteko eskatu zion Aldundiak UTEri —enpresen behin behineko batuketa— eta horretarako aste biko epea eman zion. Baina, epea amaituta, lanek geldi zirauten. Arazoari irtenbide adostua emateko ahaleginak egin dituztela adierazi dute, baina azken asteetan UTErekin egindako batzarretan ezin izan dute egoera bideratu. Horregatik, kontratuaren hutsaltzeko espedientea abian jarri dute.
Irailean zehar tuneleko lanak amaitzeko proiektu berri bat onartzea eta esleitzea aurreikusten du Aldundiak.
Bestalde, lurralde eta ekonomia garapenerako diputatu Imanol Pradalesek Bizkaiko juntetxean gai honen gaineko azalpenak emango dituela aurreratu dute.