Andoni Agirrebeitia alkatea (67.087 euro urtean) eta Anartz Gandiaga (55.840 euro) alkateordea eta Hirigintza Saileko arduraduna dedikazio osoko liberatuak izango dira. Enplegu eta Ekonomia Sustapenerako batzorde berriko Estibalitz Martiartu, aldiz, bi herenetan egongo da liberatuta 37.000 euroko ordainsariagaz. EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman dute eta EH Bilduk eta HiriEkimenak kontrakoa.
EHBilduko zinegotzi Urko Lopezen berbetan “ulertzen dugu hainbat alor lantzeko hainbat liberazio egon behar direla, baina ez gaude ados ordainsarien zenbatekoagaz; ez da kontu berria, aurreko legegintzaldietan ere, aurrekontuak hurreratu ahala, errepikatu izan dugun kontua da”. Ordainsariez gainera, Hirigintza Saileko lanak jardunaldi osorako emango duen “duda egiten dugu”: “Azken batean eredu kontua da. Ez zaigu eredu borobila iruditzen eta ez gaude ados”.
EAJko Iker Basagoitik Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eragingo duen lan karga gogoratuz erantzun dio: “Ahaztu duzue legegintzaldi honetan plan orokorra garatu behar dela. Hori benetako lana izango da Hirigintza Sailarentzat nahiz eta horretarako asistentzia tekniko bat badagoen”. Lopezen esanetan Plan Orokorra aurreko legegintzalditik datorren “gainditu gabeko ikasgaia da” eta arlo horretan dabiltzan udal langileek Plana lantzeko “gaitasuna sobera” izan dezaketela adierazi du.
HiriEkimeneko Alba Gutierrezek liberazioekin “ados” daudela adierazi, baina denen ordainsaria “%40 jaistea” eskatu du. Ondoren, Abel Isasi taldekideak hartu dio hitza eskaera hori arrazoitzeko: “Herritarren ordezkariak zareten heinean herritarrengandik gertuago egon behar zaretela uste dugu. Guk ez dugu uste kriston murrizketa proposatzen dugunik. Jaitsiera eta guzti ere ordainsari duinak dira”.
PSE-EEko zinegotzi Alicia Hernández liberazioekin ados agertu da, baina “gastu horiek herriaren onuran zelan islatzen diren zainduko dugu”.
Gizarte ekintzako zuzendaria eta alkatearen idazkaria
Behin behinekoak diren postu bi Andoni Agirrebeitia alkateak berak aukeratu ditzake dekretu bidez: Nafarroa Zentroan kokatuta dagoen Gizarte Ekintza arloko zuzendaria eta alkatearen idazkaria. Biak dedikazio osoko postuak dira eta horretarako liberatuta egongo dira.
Gaurko udalbatzarrak izendapen horiek gauzatzeko eskumena eman dio alkateari, baina EAJk bakarrik eman du aldeko botoa; EH Bilduk aurka bozkatu du eta HiriEkimena eta PSE-EE abstenitu egin dira.
PSE-EE ados dago Nafarroa Zentrorako liberazioagaz, baina alkatearen idazkari postua “udaleko lan taldeko norbaitek” bete beharko lukeela uste du.
EH Bilduko Urko Lopezen esanetan “PSE-EEk adierazitakoaren kontrara, guk idazkari postu hori ez dugu ikusten”. Gizarte Ekintzako postuari dagokionez ez dutela izendapen horretan sinesten adierazi du: “Udaletxean dauden langileen ahalduntzean sinesten dugu. Nafarroa Zentroko pertsonaren baten papera askoz ere gehiago indartu beharko litzateke. Beharbada horrek Lanpostuen Zerrenda (LPZ) ukitzea eskatuko luke eta hain zuzen legegintzaldi honetako erronketako bat da hori ere”.
EAJko Iker Basagoitiren esanetan “LPZa aldatzeko akordioetara heltzen bagara Gizarte Ekintzako zuzendari postua beste era batera egituratzeko modua egon daiteke; horretarako zabalik gaude”.
Alkatearen idazkariari dagokionez, Andoni Agirrebeitiak “konfiantzazko pertsona bat” izatearen garrantzia azpimarratu du: “Informazio konprometitua erabili dezake eta edozein filtrazio arriskutsua izan daiteke. Legea gogorra da zentzu horretan. Horregatik uste dut konfiantzazko pertsona batek izan behar duela”.