Zornotzako Udalak bederatzi batzorde izango ditu legegintzaldi honetan eta horietako bi berriak dira: Enplegu eta Ekonomia Sustapenerako Batzordea eta Berdintasun Batzordea. Lehenengoaren gidaritza Estibalitz Martiartu zinegotzi jeltzaleak izango du eta helburu nagusiak langabeziari aurre egitea —1.000 langabetutik gora dago Zornotzan— eta politika ekonomiko eraginkorrak martxan jartzea izango dira. Aurten batzordearen egitura, diseinua eta ekintzak definituko dituzte eta datorren urtean sartuko da indarrean, aurrekontuetan batzorde horretarako diru-atal propioa onartzen dutenean. Bitartean, enplegu planean jasotako ekintzak garatzen jarraituko dute. Batzorde berri horren lokala “erdigunean eta herritarrengandik gertu” kokatzeko asmoa erakutsi du Andoni Agirrebeitia alkateak.
Berdintasun Batzordeari dagokionez, orain arte Gizarte Ekintza sailetik landu dituzte arlo horretako politikak; legegintzaldi honetan egitura propioa izango du: “Lehen baino indar handiagoa izango du bai aurrekontuetan eta bai eguneroko lanean”, adierazi du Agirrebeitiak. Batzorde honen arduradun nagusia Alicia Hernández zinegotzi sozialista izango da.
Gainerako batzordeetako arduradunak
Gainontzeko batzordeak honela antolatuko dituzte: Hirigintza, Obra eta Etxebizitza Batzordeko presidentea Anartz Gandiaga Zarazua izango da; Ekonomia, Ogasuna eta Ondarea Batzordeko eta Kontuen Batzorde Bereziko presidentea Iker Basagoiti Larruzea, Gizarte Ekintzakoa Itxaso Iriondo Bilbao; Iraunkortasun eta Zerbitzuetakoa Juan Mari Ugalde Bustinza; Euskera, Kultura eta Kiroletakoa Mitxel Etxebarria Artetxe eta, azkenik, Langileria, Antolaketa eta Barne Eraentzakoa Itxaso Berrojalbiz Zabala.
Gaurko udalbatzarrean hainbat erakunde publikotan udal ordezkariak zeintzuk izango diren ere erabaki dute. Horrela, Mitxel Etxebarria Artetxe Ametxeko presidente berria izango da, Andoni Agirrebeitia AICko patronatuko udal ordezkaria eta Juan Mari Ugalde izango da Urkiola landa garapenerako elkartearen eta Urdaibaiko biosferako erreserbako patronatuko ordezkaria.